Amorebieta-Etxanoko Udalak Spotify kontua ere badu dagoeneko
Facebook, Twitter eta Instagram bazituen jada, eta, orain, musikarako eta podcastetarako kanal hau gehitu du
Paul Picado
Ostirala, 15 uztaila 2022, 20:19
Amorebieta-Etxanoko Udalak laugarren kanala izango du hemendik aurrera sare sozialetan, izan ere, Spotifyn kontua ireki berri du. Martxoan Facebook, Twitter eta Instagram plataformetan ireki zituen kontuak, eta, oraingoan, berriz, musikarako eta podcastetarako kanal hau ere sortu du. Horri esker, herritarrekin duen harremana areagotu egingo da.
Udalaren helburua sare sozialetan gero eta presentzia handiagoa izatea da, eta laugarren kanal horrekin, helburu hori nolabait beteko du. Bestalde, berdintasunezko gizartea ere lortu nahi du, eta Spotify plataformaren bidez, herritarrek bertako musika, arduratsua, errespetutsua eta ez-sexista entzun dezatela nahi du. Azken batean, berdintasunezko gizarte hori lortzeko bere ekarpena egin nahi du udalak.
Oro har, edozeini zuzenduta dago kontu berria, baina gazteei batik bat, eta horretarako, besteak beste, 'Beldur Barik' izeneko abesti-zerrenda dago, Zornotzako jaietako 'Zor-Hontza' abestia, 'Mangamoreko abestia' eta Zornotzako kantuak biltzen dituen 'Amorebieta-Etxano Kantuz kantu' izeneko bilduma.
'Beldur Barik' hori, hain zuzen, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka lan egiten duten udalek sortu zuten Berdinsarea sarearen barruan eratu zen programa da. Etengabe garatzen eta hedatzen den programa denez, gerora, ikastetxeen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen inplikazioa sustatu zuten, gazteen artean indarkeria sexistaren eta matxismoaren aurkako gogoetak hedatze aldera.
Horregatik hain zuzen ere 'Beldur Barik' izeneko abesti-zerrenda horretan, kanta ez-sexistak sartu dira, baita ostiral honetan hasiko diren Zornotzako jaietan erabil daitezkeen kantak ere.