https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Amerika, Asia eta Afrikako fruta ekoizleek Bilboko Portua eta Merkabilbaoren instalazioak bisitatu nahi dituzte

Bi entitateak bildu ziren atzo Amerikako 13 herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin, Afrikako birekin eta Asiako batekin

ELCORREO.COM

Amerikako eta Afrikako nekazaritza produktuen inportazio fluxua areagotzeko helburuarekin, Bilboko Portuko Agintaritzako eta Mercabilbao banaketa zentroko zenbait agintari Amerikako 13 herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin, Afrikako birekin eta Asiako batekin elkartu ziren atzo, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak Madrilen duen ordezkaritzak antolatutako ekitaldi batean.

Herrialde desberdinetako ordezkariak izan ziren bileran. Hala nola, Mexiko, Peru, Kolonbia, Hegoafrika, Ekuador, Brasil, Txile, Argentina, Paraguai, Panama, Honduras, Costa Rica, Nikaragua, AEB, Maroko eta Pakistangokoak. Aipatzekoa da fruta ekoizten eta komertzializatzen duten enpresek Bilboko Portua eta Mercabilbaoko instalazioak ezagutzeko interesa agertu dutela, urriaren 23tik 25era Madrilen egingo den Fruit Attraction azokan izango direla aprobetxatuz. Bisita horretan lan saio bat antolatuko da, eta han izango dira Bilbon eta haren eragin eremuan fruta inportatu eta esportatzen duten enpresa nagusiak.

Elikagaietarako eta, bereziki, frutetarako instalazioen eta prozeduren berri eman zen bileran. Bilboko Portuko Mugako Ikuskaritza Postuen burua gonbidatu gisara izan zen lan gosarian, eta erakutsi zuen zer instalazio dauden animalia jatorrikoak ez diren gizakiok kontsumitu edo erabiltzeko produktuetarako. Mugan kanpoko osasun kontrolak egiteko zer giza baliabide eta zer baliabide material dauden ere jakinarazi zuen. Horrez gain, Espainiako iparraldean eta Frantziako hegoaldean frutak eta barazkiak merkaturatzeko Mercabilbaok daukan potentziala ere azaldu zen topaketan.

Bilboko Portuko Agintaritzak jakinarazi zuenez, Espainiako Estatuko laugarren portua da Bilbokoa, eta 34,2 milioi tonako trafikoa du. Tona horietatik, 6,4 milioi kontainer bidez garraiatzen dira. Azken urteotan, ahalegin handia egin du fruta eta barazkien sarrera eta irteera fluxuak areagotzeko. Alor horretan Mercabilbaorekin lankidetzan dihardu, sinergiak aprobetxatuz, karga bidaltzaile berriak eta itsas linea berriak erakartzeko. Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketarako zentro handiena da Mercabilbao. Espainiak 3,6 milioi tona fruta eta barazki inportatzen du, eta horietatik %28 Bilboko portutik 400 kilometrora edo gutxiagora daude. Gauzak horrela, ez du harritzen Bilboko Portua eta Mercabilbaoko instalazioak ezagutzeko interes horrek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos