https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Amaitzear da auzolandegietan izen emateko epea

Informazioarekin zerikusirik ez duten auzolandegi bateko boluntario batzuk, lan egiten./F. Gómez
Informazioarekin zerikusirik ez duten auzolandegi bateko boluntario batzuk, lan egiten. / F. Gómez

Ondare arkitektonikoaren bereskurapena, indusketa arkeologikoak, ekintza komunitarioak eta naturarekin erlazionatutako jarduerak izango dira boluntarioentzako aukeretako batzuk

AMALIA IBARGUTXI

Opor garaira hurbildu ahala, hasi dira udako jardueren promozioarekin hainbat erakunde. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako auzolandegietan boluntario gisa lanean aritzeko izen-emate epea zabalik da, baina gaur amaituko da, helbidea hau delarik: www.gazteaukera.euskadi.eus.

 «Auzolandegiek bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta ikasketa intelektuala  bezalako balioak sustatzeko balio dute» adierazi du Eusko Jaurlaritzako Gazteria saileko zuzendari den Ander Añibarrok.

Auzolandegiek lau modalitate dituzte. Batetik, ondare arkitektonikoa berreskuratzekoak. Bertan, aberastasun artistikoa kontserbatzeko gazteen interesa motibatzea, herriaren historiarekin zuzenean harremanetan egotea, eta kultura arkitektonikoa babesteko urrats eraginkorrak egitea bilatzen dute. Arkeologiako jardueretan, berriz, indusketa arkeologikoetan lan lasai eta arduratsuak egiteko aukera eskaintzen da.

Naturarekin erlazionatutako aktibitateak ere badira. Bertan, habitat naturala babesteko ekintza zuzenak burutu eta naturarekiko sentsibilitatea eta errespetua sustatuko dituzte. Azkenik, ekintza komunitariokoak ere burutzeko aukera izango da, lanak burutzen diren herrietako eta hirietako jendearekiko harreman zuzena edukita.

Euskadiko eta Estatuko edo atzerriko gazteek parte hartu ahal izango dute ekimenean. Aurtengo edizioan, hainbat proiektu prestatu dituzte Agurainen, Arraia-Maeztun, Galdamesen, Lekeition, Lemoan, Busturialdean, Zamudion, Bergaran, Elgoibarren eta Tolosan. Bertan, parte hartuko duten 18 eta 26 urte bitarteko euskal gazteek Estatuko beste autonomia-erkidegoetatik edo atzerritik bertaratutako gazteekin esperientziak partekatu ahal izango dituzte. Era berean, euskal gazteek antzeko boluntario-lanak egin ditzakete Estatuko beste zona batzuetan eta Alemania, Armenia, Belgika, Estonia, Frantzia, India, Indonesia, Islandia, Italia, Letonia, Mexiko, Nepal, Herbehereak, Peru, Txekia Errepublika, Serbia, Taiwan eta Turkia bezalako herrialdeetan.

Boluntario-eremu zabala

Guztira, Euskadiko gazteentzako 264 plaza eskaintzen dira, 43 plaza Euskal Autonomia Erkidegoko eremuetan; 155 plaza kanpoko autonomia-erkidegoetan antolatutako eremuetan eta beste 66 nazioarteko beste herrialde batzuetako boluntario-eremuetan.

EAEko hiru lurraldeetako Auzolandegietan hamar proiektu eskainiko dira. Hala ere, horietakoren batek bi txanda izango dituenez, 13 aukera edo txanda dira guztira. Bertan, gehienez 260 lagunek hartu ahal izango dute parte, eta horietatik 43 euskal gazteentzako gorde dira. Busturialdeko eta Lemoako auzolandegiak, Lemoatx eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserban Turismo iraunkorra deitutakoak, nazioarte-mailakoak izango dira; hortaz, atzerriko jendeak ere hartuko du parte eta erreferentzia-hizkuntza ingelesa izango da.

Gainerako eremuek —Agurain, Arraia-Maeztu, Galdames, Lekeitio, Zamudio, Bergara, Elgoibar eta Tolosa bezalako herrietan kokatuak— erreferentziako hizkuntza gisa gaztelania eta euskara dituzte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos