https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Amaitu dira Tomas Zumarraga eta Domingo Beltran kaleen obrak

Amaitu dira Tomas Zumarraga eta Domingo Beltran kaleen obrak

SERGIO EGUÍA

Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleak itxura berria hartu du Zerkabarren eta Domingo Beltran kaleen arteko zatian, dagoeneko amaitu baitira inguru hori eraberritzeko obrak. Urtaranen gobernuak kale horretan sustatutako lanetan 480.000 euroko inbertsioa egin da. Kaleak itxura modernoagoa hartu du, eta erosoagoa izango da oinezkoentzat, espaloi zabalagoei, eta argiztapen eta saneamendu-sarearen hobekuntzei esker. Izan ere, lanak egin aurretik —uda amaieran abiatu ziren— kaleak oso espaloi estuak zituen, eta itxura zaharkitua. Campezo Obras y Servicios enpresari esleitu zitzaizkion lanak, 480.647,91 euroan (BEZ barne) lizitazio aurrekontuan % 22,37 behera egin ondoren.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak gogorarazi duenez, «inguruko auzokoek maiz eskatu dute esku hartzeko. Izan ere, 'Zure Auzoa Hobetuz' partaidetza-prozesuan hartutako konpromisoetako bat da». Ekimenaren proposatzaileekin adostu da proiektua, hots, Landazuri ikastolako eta Santa Maria ikastetxeko gurasoen elkarteekin, eta horri esker, «alderdi horretan oinezkoen joan-etorriak nabarmen hobetu da. Orain, kalea zabalagoa da oinezkoentzat. Askoz itxura atseginagoa du, eta inguruko jarduera ekonomikoari mesede egingo diola uste dugu. Gizarte eragin handiko lana da, zati labur batean bi ikastetxe eta osasun zentro bat pilatzen baitira», nabarmendu du zinegotziak.

Ingurumen Sailak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalerako diseinatu duen proiektuak Domingo Beltran eta Zerkabarren kaleen arteko zatia barne hartu du. Izan ere, kalea zaharkituta zegoen: oso espaloi estuak zituen, zoladura egoera txarrean zegoen, eta galtzadak txaplatak, bigunguneak eta arrakalak zituen. Irisgarritasun araudia betetzeko eta espaloiak hobetzeko, zati estuenetan aparkatzeko lekuak kendu dira, espaloiak 2,80 metrora zabaltzearren. Zamalanetarako lekuak lehen zeuden bezala geratu dira. Trafikoaren kontrako noranzkoan doan bidegorria ere estutu egin da, espaloiak zabaldu ahal izateko.

Zoladura zaharkituta zegoenez zati osoan aldatu da. Drainatze-sarea ere eraberritu da, hustubide eta sareta berriak jarrita. Bide batez, Udalak sare hauek berritzea erabaki du: argiteria —luminaria berria jarri dira, eta kanalizazio eta kable berriak, argiztapen mailak, uniformetasuna eta kontsumoak doitzeko—, saneamendua eta semaforoak. Fatxadetatik oso hurbil zeuden zuhaitz batzuk ere kendu dira, era irregularrean hazi zirelarik

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos