https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Amaia Vicente eta Mario Paniego bilbotarrek egingo dute Wroclawn egonaldi artistikoa

Erdian, Mario Paniego eta Amaia Vicente./
Erdian, Mario Paniego eta Amaia Vicente.

Etxepare Institutuak euskal artistentzat egin duen aurtengo deialdiak hiriaren mugimendu eta aldaketekin du zerikusia: Vicentek soinuan oinarritutako hiri-espazioaren inguruko hausnarketa egingo du. Paniegok, aldiz, espazio publikoetan egiten den publizitatearen erabileran sakonduko du

AMALIA IBARGUTXI

Aurkeztutako hamar hautagaien artetik, azkenean bi bizkaitar hautatu ditu Etxepare Institutuak egonaldi artistikoa egiteko Poloniako Wroclaw hirian. Horrela, astelehenetik, irailaren 24tik, azaroaren 18ra, AIR Wro (Artists in Residence Programme) programan parte hartuko dute Amaia Vicente eta Mario Paniegok.

Bosgarren urtez antolatu dute egonaldia egiteko deialdia. Artista bakoitzak 2.000 euroko ordainsari garbia jasoko du eta proiektua aurrera ateratzeko ekoizpen, promozio eta komunikazio babesa jasoko dute antolakuntzatik. Era berean Wroclawera joan-etorriko hegaldia ordainduko zaie, baita ostatua ere.

Amaia Vicentek hiri-espazioaren inguruko hausnarketa egingo du soinuaren eta geolokalizazioaren bidez. Proiektua EHUko Arte eta Teknologia departamentuan egiten ari den doktoretza ikerketaren baitan garatuko du. 'Entzutearen ekintza performatiboa' abiapuntu harturik hiria zeharkatu eta hiri-espazioaren inguruko hausnarketa egingo du soinuaren grabaketa eta geolokalizazioa baliatuta. Material horrekin hiriaren soinu artxibo bat sortuko du. Egonaldian zehar grabatutako soinuen emaitza izango da erakusketa, «soinu paisaiaren ideiatik sortutako hiriaren erretratu bat».

Bestalde, Mario Paniegok hiriko espazio publikoetan egiten den publizitatearen erabileran sakonduko du. Publizitateak duen eragina ikusarazteko, «hiriko hainbat toki modu ezberdinean ikustera gonbidatuko du ikuslea. Askotan irudi eta mezu kontsumistek lapurtzen diguten espazio publikoaren erabileraren inguruko hausnarketa sortu nahi du».

Egingo duen lana diseinatzeko bertako artista eta aktibistekin elkartuko da Polonian. Ikerketa lanaren ostean, ibilaldi-tailerra antolatuko du espazio publikoaren inguruko irakurketa kritiko eta partekatua egiteko hiritarrei. Egonaldia amaitzean, egindako lanaren aurkezpen publikoa egingo du, «seguruenik, publizitateari zuzendutako euskarrietan, espazio publikoaren ikuspuntu ezberdinak eta hausnarketa proposatuz».

Euskal artistentzako aurtengo deialdiak hiriaren mugimendu eta aldaketekin du zerikusia. Horrela, euskal artistei euren prestakuntzarako eta euren lanaren zabalkunderako plataforma eskaintzen die eta mugikortasuna, kultura arteko elkarrizketa eta nazioarteko elkarlana sustatuz. Polonia eta Euskal Herriaren arteko elkarlana 2014. urtean hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko prestaketak medio. Ordutik 11 euskal artistak egin dute egonaldia Wroclawen AIR Wro programaren bidez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos