Amaia Gabantxo, 2023ko Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria
Meaberen 'Hezurren erretura' ingelesera itzultzeagatik
Garrantzitsua da euskal egileen lanak mundu osoko irakurleentzat eskuragarri egotea, eta horretaz arduratzen dira bi hizkuntzak ondo menderatzen dituzten itzultzaileak. Bada, Amaia Gabantxo itzultzaile bermeotarra artista da lan horretan, eta, horri esker, joan den astean Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria jaso zuen. Bigarren aldiz jaso du golardoa, 2018an ere irabazi baitzuen, baina oraingoan, Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' eleberria ingelesera itzultzeagatik eman diote. Parthian Books argitaletxe galestarrak argitaratu du lana, 'Burning Bones' izenburupean.
Publicidad
Sariaren bederatzigarren edizioaren epaimahaiari dagokionez, Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak, Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko euskal kultura sustatu eta hedatzeko zuzendariak, Elizabete Manterola eta Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideek, eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak osatu dute. Itzulpena «kalitate handikoa» izateaz gain, «zuzenean euskaratik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpena izatearen garrantzia» nabarmendu dute.
Bestalde, Parthian Books argitaletxearen euskal kultura testuinguru ingelesean zabaltzeko potentziala ere aitortu nahi izan dute, bigarren aldiz plazaratu baitu Miren Agur Meaberen eleberri bat ingelesez. Meaberen bi obraz gain, Karmele Jaioren 'Amaren eskuak' lana ere argitaratu du ingelesez.
Euren erabakiaren ondoren, itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute, eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpenaren sustapenerako.
Sari emate ekitaldia Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egin zuten ostegunean, eta bertan izan ziren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkaria, Amaia Gabantxo itzultzailea eta Miren Agur Meabe idazlea.
Idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializatutako itzultzailea
Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializatutako itzultzailea da. Lan eskerga egin du itzultzaile moduan, eta berari esker itzuli dira ingelesera 'Twist' eta 'Belarraren ahoa' (Harkaitz Cano), 'Kristalezko begi bat' (Miren Agur Meabe), 'Zorion perfektua' (Anjel Lertxundi), 'Vredaman' (Unai Elorriaga), 'Borrokaria' (Bernado Axaga), 'Harri eta herri' eta 'Maldan behera' (Gabriel Aresti) eta orain saritua izan den 'Hezurren erretura' (Miren Agur Meabe), besteak beste.
Kolaboratzailea da hainbat literatura argitalpenetan, kritikari zein editore gisa. Euskara, literatura eta sormen idazkera irakaslea izan da University of East Anglia, University of Chicago eta School of the Art Institute in Chicago zentroetan, eta azken urteetan Irlandan, Britainia Handian eta Amerikako Estatu Batuetan argitaratu eta jardun du.
Bere saiakerak eta fikziozko lanak 'Words Without Borders', 'The New Engagement', 'The Massachusetts Review' eta 'The TLS' argitalpenetan agertu dira, besteak beste, eta hainbat sari jaso ditu, esate baterako, Wingate beka (2001), OMI Writers Translation Lab saria (2015) edo Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen Saria (2018).
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión