https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Alkateak nabarmendu du 2017a urte emankorra izan dela Gasteizentzat

Alkateak nabarmendu du 2017a urte emankorra izan dela Gasteizentzat

Proiektu estrategikoak sustatzeko akordioak, martxan jarritako inbertsioen bolumen handia eta hiria modernizatzeko hainbat plan izan dira nagusi alkatearen balantzean

I. AGOTE

Gorka Urtaran alkateak udal gobernuak amaitzear den urtean egindako kudeaketaren balantzea egin du. Aurten protagonismo berezia izan dute gainerako erakundeekin lortutako akordioak, mugikortasunaren, hiri berrikuntzaren eta herritarren ongizatearen alorretan hiriko proiektu estrategikoak sustatzearren. Horri gehitu behar zaio Gasteiz osoan zehar hogei inbertsiotik gora jarri direla abian, hiria modernizatu eta eraldatzeko hainbat plan garatu direla, eta agintaldiaren hasieran topatutako zulo ekonomikoa nabarmen murriztu dela.

“Hori guztia dela kausa, gure ustez 2017a oso urte emankorra izan da Gasteizentzat, hala alderdi estrategikoei nola pertsonen eguneroko bizimoduarekin lotutako alderdiei begira. Gainera, 2018a are hobea izango dela iragartzen dut, inbertsio handiak bermatuta daudelako, eta prest nagoelako akordioak sustatzeko proiektu berriak aurrera ateratzeko”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Proiektu estrategikoak sustatzeko erakunde akordioei dagokienez, Urtaranek gogorarazi du 2017an bikoiztu egin zela hiriburutza kanona, eta Iñigo Urkulluren gobernuaren apustuari esker Gasteizek 40 milioi euro jasoko dituela 2020ra arte. Horri gehitu behar zaio trenbidearen lurperatzea, Eusko Jaurlaritza eta Sustapen Ministerioa inplikatzen dituen akordio baten bidez, erdialdearen eraldaketa itzela ekarriko duen proiektua sustatuko baitu.

Tranbiaren bi luzapenak eta autobus elektriko adimentsua ezartzeko tramitazioa ere proiektu estrategikoak garatzeko erakundeen arteko lankidetzaren ereduak dira, eta erritmo onean doaz. Orobat, aurrerapausoak ematen ari dira Koroatze auzoa birgaitzeko lanean, zeinaren jarduera-eremua hedatu egin baita, eta etxebizitzei atxikitzeko epea ere luzatu baitzaie. Erakundeen arteko lankidetzaren beste emaitza bat Forondan hegaldi erregularrak berreskuratu izana da, bidaiarien garraioan kopuru errekorrak lortu baitira.

Inbertsioei dagokienez, 2017ko aurrekontuak 28 milioi euro aurreikusten zituen, eta horri esker hainbat lan abiarazi dira espazio publikoan: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Errota kalea eta San Ignazio kalea eraberritzea, baita Konstituzio, Laudio, San Anton eta, bereziki, Santa Barbara plazak ere. Ekipamenduak ere egiten ari dira: Araneko silo-aparkalekua, Europa jauregiko aparkalekuaren eraberritzea, AUOren aparkalekua eta haurrentzako jolas-eremuak Zabalganean eta Lakuan. Jarduera horietako asko Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren lehen edizioan daude sartuta; programa jauzi kualitatiboa izan da aurrekontu parte-hartzaileen alorrean, eta 2017rako aurreikusitako proiektu guztiak dagoeneko gauzatzen ari dira.

2017an, bestetik, TUVISAk 18 metroko 10 ibilgailu berri gehitu zizkion flotari eta beste 10 ibilgailu —hibridoak— eskuratzeko lehiaketa abiarazi du, garraio publikoaren flotan inoiz ezagutu ez den berrikuntza.

Enplegu egonkor eta kalitatekoaren sorkuntza da Urtaranen gobernuaren jarduera-ildo estrategikoetako bat, eta hori hainbat ekimenetan islatu da, esaterako, industriari laguntzeko lehen planaren onespena, zeinak ahalbidetu baitu industrialdeak berritzeko 1,5 milioi euroko inbertsioak aktibatzea, besteak beste. Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren bidez, bestalde, 334 lanpostu sortzen lagundu da. Udalaren barruan, Udaltzaingoko 32 agente berri sartzeko LEP egiteaz gain, enplegu publikoaren eskaintza berriak aurkeztu dira, orokorrak (250 lanpostu), suhiltzaileentzat (15 lanpostu) eta Udaltzaingorako (barne sustapeneko 14 leku).

Hiriaren epe ertaineko eta luzeko etorkizunari begira, bi ekimenek hartu dute protagonismo berezia aurten. Batetik, Erdialdeko Masterplana, hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko 20 jardueratik gora aurreikusten dituena; horietako batzuk (Santa Barbara eraberritzea, Goya gasolindegia lagatzea, Dato 11.a birmoldatzeko hitzarmena,…) dagoeneko martxan dira. Bestetik, Vitoria-Gasteiz 2025 Estrategia, duela gutxi aurkeztutakoa, hurrengo urteetarako 800 milioi euroko inbertsioak definitzen dituena.

2017an abian jarritako beste plan batzuk iruzur fiskalaren kontrako borrokarekin eta kontratazio gizartearekiko arduratsuarekin lotutakoak dira, baita Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana ere, zeinak zenbait zerbitzu publiko modernizatzeko 17 proiektu biltzen baititu.

2018rako, mugikortasun alorreko hiru proiektu handiak jo ditu Gorka Urtaranek erronka nagusitzat: tranbia hegoalderantz luzatzeko lanen hasiera, eta tranbia Salbururantz luzatzeko lanen zein BEA ezartzeko lanen lehiaketak, obrak 2018an hasteko. Aldi berean, trenbidea lurperatzeko behin betiko azterlana zein Latinoamerikako biribilgunea lurperatzeko diseinua ezagutuko dira.

Datorren urterako lan-ildoen barruan, halaber, industriari laguntzeko ekimen berriak nabarmenduko dira. Urrezko auzoak birgaitzeko inbertsioak egiten jarraituko da, baita beste proiektu batzuk garatzen ere, hala nola Gasteiz Antzokia, Emakumeen Etxea eta kirol-ekipamenduen berritzea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos