https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Alkateak Gasteizen martxoaren 3ko krimenen aurka egindako borroka azaldu du Bartzelonan

Alkateak Gasteizen martxoaren 3ko krimenen aurka egindako borroka azaldu du Bartzelonan

Gorka Urtaran Inpunitate Frankistaren kontrako Hirien Sarearen II. Topaketan parte hartzen ari da

I.AGOTE

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileak direla eta bertan egiten ari den borroka azaldu du gaur Bartzelonan. Inpunitate Frankistaren kontrako Hirien Sarearen II. Topaketan, Urtaranek memoria historikoa berreskuratzeko Udalak 2018an antolatu dituen ekintzak ere azaldu ditu, Euskadiko hiriburuan frankismoaren biktimekin justizia egitea baita helburua.

Bartzelonako garai bateko Modelo espetxean egiten ari da Inpunitate Frankistaren kontrako Hirien Sarearen II. Topaketa, goiz eta arratsaldeko saioetan; Gasteiz sarearen kidea da. Joan den urtean egin zen sarea eratzeko ekitaldia, Iruñean, eta oraingoan Kataluniako hiriburuan bildu da. Bartzelonako alkate Ada Colauk ireki du jardunaldia, eta ondoren diktadura frankistan preso egondako emakumeen egoerari buruzko hitzaldia izan da. Gero, udaletako esperientziak azaltzeko mahaia egin da, “Udalak, bide-urratzaileak inpunitatearen kontra” izenburupean. Gasteizko alkateaz gain, Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Zaragozako alkate Pedro Santisteve mintzatu dira. Madril eta Bartzelonako udaletako alkateordeek ere hartu dute parte. Sareko beste kide batzuk A Coruña, Cádiz, Rivas, Elgeta eta Durango dira. Foroaren helburua da esperientziak partekatzea eta frankismoaren krimenen aurkako estrategia bateratua abiaraztea.

Martxoaren 3ko hilketak direla eta, Gorka Urtaranek azaldu du Auzitegi Konstituzionalak ezetsi egin duela berriki Aldundiak, Batzar Nagusiek eta Udalak aurkeztutako errekurtsoa, zeina Zaramagan gertatutako ikertu zezaten Arabako erakundeek kereila kriminala aurkeztu zutelarik abiarazitako auzi penala artxibatzearen kontrakoa baitzen. “Guztion helburua zen Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera ematea, gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak edo bestelakoak eskatzeko frankismoaren diktadurak egindako gizateriaren aurkako krimenak zirela eta, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia barne”, adierazi du alkateak. Ezezkoaz gain, mingarria izan da Auzitegi Konstituzionalak hiru lerroko idazki baten bidez ebaztea auzia, inolako azalpenik eman gabe.

Gasteizko alkateak azpimarratu du Udala biktima ororekin dagoela. “Denek merezi dute tratu bera, egia ezagutzea, justiziaz tratatzea eta duintasuna itzultzea. Hori dela eta, martxoaren 3an hildako bost pertsonak biktimak direla aitor dezaten nahi dugu, eta terrorismoaren biktimek duten tratu bera izatea. Estatuari eskatzen diot ezen, justiziak biktimen aitorpenean aurrera egiten ez duen bitartean, gutxienez berak halakotzat jotzea, haiei duintasuna itzultzeko, nolabait”, esan du.

Zerbitzu juridikoen ustez, administrazio publikoek ezin dute Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontrako errekurtsorik aurkeztu Giza Eskubideen Europako Auzitegian; horrenbestez, erakundeek eta Martxoaren 3ko elkarteko ordezkariek bilera bat egingo dute aste honetan, elkarteari errekurtsoa aurkezten nola lagundu diezaioketen aztertze aldera. “Martxoaren 3ko biktimek beti ondoan izango gaituzte, eta ez dugu amore emango haiekin justizia egin arte”, azpimarratu du alkateak.

Memoria historikoa berreskuratzeko ekintzei dagokienez, alkateak hainbat ekintzaren berri eman du: oroitzapenerako lau espazio edo memoriagune sortuko dira, Santa Isabel hilerrian, Bake kalean garai batean kartzela egon zen lekuan, Karmengo komentuaren kanpoaldean edo Sagrado Corazón ikastetxean; martxoaren 31 errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar oro aitortzeko eguna izango da; horien omenezko monolito bat jarriko da; hegazkin istripuan hildako bi zibilak oroitzeko xafla bat jarriko da Plaza Berrian, eta frankismoaren biktimen errolda ofiziala landuko da, beste ekintza askoren artean. Halaber, gazteak sentsibilizazio ekintzak aurreikusi dira, baita memoriaren ibilbidea diseinatzea ere, garai horretan gure hirian bizi izandako errepresioaren espazio esanguratsuenak bisitatzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos