https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Alemaniako Fisika Elkartearen sari nagusia eman diote Ángel Rubio EHUko katedradunari

Ángel Rubio EHUko katedraduna./BBVA Fundazioa
Ángel Rubio EHUko katedraduna. / BBVA Fundazioa

Max-Born saria Alemania eta Britania Handian lan egiten duten ikertzaile nabarmenen artean lehiatzen da urtero

JAN ECHEVARRÍA

Harro eta pozik egoteko arrazoi berria du aste honetatik Ángel Rubio, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradunak. Izan ere, Alemaniako Fisika Elkartearen Institutuak Max Born saria eman dio, «mundu osoan egoera solidoko fisika konputazionalaren esparruan duen lidergoarengatik eta material eta nanoegitura berrien propietateen inguruan duen iragarpenarengatik ere bai».

Sari hau erakunde alemanaren aitorpen nagusia da. 1972an jarri zuten martxan Britainia Handian eta Alemanian aritu zen Max Born fisikariaren ikerketa lanari balioa emateko, eta, ordutik, bi herrialdeotako batean lan egiten duten ikertzaile nabarmenei eman ohi zaie urtero. Oraingoan, Nano-bio Spectroscopy Group ikerketa taldearen arduradunari eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter erakundeko Teoria Saileko zuzendaria den ikertzaileari eman diote eta, bere hitzetan, «ohore handia izan da epahaimahaia nire lana nabarmentzea, horrek balioa ematen baitio azken urte hauetan egin dugun ikerketa lanari».

Hortaz aparte, Rubio gogoratu du «meritu hau» berarekin lan egiten duten eta lan egin duten «ikasle eta doktore guztiena» dela eta azpimarratu du «bultzada handia» ematen duela gaur egun lantzen dituzten ikerketa lerro berritzaileekin aurrera egiteko.

Baina zein izan da Angel Rubioren orain arteko ibilbidea? 2018an Londresen saria jasoko duen aditu hau American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko osoko kidea, Amerikako Zientzia Akademiako (NAS) atzerriko kidea, American Physical Societyko (APS) kide ikertzailea, Europako Zientzia Akademiako (AE) kidea eta Simons Fundazioko Flatiron Institutuaren Computational Quantum Physics-CCQ zentroko ikerketa zientzialari nabarmena da.

Hainbat zientzia sari irabazi ditu, besteak beste, Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel eta Oinarrizko Zientziaren arloko Jaime I.a Erregea. Gainera, ERC Advanced Grants beka ospetsuetako bat jaso du birritan Europako Ikerketa Kontseiluaren eskutik. Jakin ezazue diru laguntza horiek zientzialari europar garrantzitsuenei eta proiektu abangoardistenei ematen zaizkiela.

Era berean, Espainiako Fisikako Errege Elkarteak erakundearen domina eman zion iaz. Bigarren aldia izan zen elkarteak Rubio irakaslearen lana saritzen zuela, 1991ean Ikertzaile Berriaren Saria eman baitzion. Hori nahikoa ez balitz, Rubiok eta bere taldeak eginiko ikerketa teorikoek mundu osoko erreferente bilakatu dituzte sistemak eskala nanometrikoan modelizatzeko esparruan. Hain zuzen ere, azterlanen helburua da ulertzea edo aurreikustea materialek estimulu jakin batzuk jasoz gero nola jokatzen duten (besteak beste, argiarekin). Halaber, simulazio teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten jakiteko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos