https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aldundiak ‘Transform@’ proiektua aurkeztu die Arabako merkataritza sektoreari eta ikastetxeei

SERGIO EGUÍA

Arabako Foru Aldundiak aurkeztu die ‘Transforma’ proiektua eta dituen prestakuntza tresnak lurralde historikoko merkataritza arloko hogeita hamarren bat eragile publiko eta pribaturi, bai eta zenbait ikastetxetako ordezkariei ere. Proiektu honen xedea da landa zonetako lehiakortasuna eta enplegu aukerak handitzea, merkataritza elektronikoa sustatuz.

‘Transform@’ proiektu europar bat da, Foru Aldundiak zuzendua eta bertan Espainia, Belgika, Portugal, Grezia eta Poloniako hainbat erakunde eta enpresak hartzen dute parte. Proiektuak jomuga du prestakuntza ikastaro bat online eta jolas hezigarri bat sortzea, merkataritza sektorearen eraldaketa digitala eta landa zonetan ekintzailetza bultzatzeko. Azken helburua enplegua sortzea eta biztanleria finkatzea da.

Proiektua 2016. urtearen erdialdean jarri zen abian eta 2018ko abuztuan emango zaio amaiera, prestakuntza tresnak saltegien eta ikastetxeen eskura jartzen direnean.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak gaur egindako lan bilera batean aurkeztu dizkie tresna horiek Arabako merkataritza sektoreko eragile publiko eta pribatuei: Merkataritza Ganberari, Arabako Enpresarien Sindikatuari, merkatarien elkarteei (Gasteiz-On, AENKOMER, APILL eta APYMCA), Gasteizko Udalari, kuadrillei eta Laudio, Lautada, Mendialde eta Arabako Errioxako bulego teknikoei.

Bertan izan dira, halaber, hainbat ikastetxetako ordezkariak, besteak beste Egibide eta Murgiako BHI ikastetxeetakoak, Eraikuntzaren Lan Fundaziokoak eta Arkautiko Nekazaritza Institutukoak.

Era horretan, bertaratutakoek aukera izan dute merkataritza elektronikoari buruzko online prestakuntza ikastaroaren azken bertsioa ikusteko. Ikastaro horrek 12 modulu ditu beste hainbeste gairen gainean (merkataritza elektronikoaren kontzeptua eta balioa, alderdi teknikoak, behar diren trebetasun digitalak etab.) eta hainbat tresna eta baliabide ditu, hala nola testu artxibategiak, bideo tutorialak, probak eta multimedia aurkezpenak.

Bilera horretan, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak jolas hezigarriaren lehenengo bertsioa ere aurkeztu du, merkataritza sektoreak ekarpenak egin ditzan, eta ikastetxeei laguntza eskatu die, ikasleek probak egin ditzaten jolasarekin, zeinak saltegien arduradunei ahalbidetuko baitie esperientziaren eta benetako enpresa egoeren simulazioen bidez ikastea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos