Aldundiak Euskaraldian parte hartzeko deia egin die bizkaitarrei
Pasa den edizioan 80.000 bat herritarrek parte hartu zuten Bizkaian, eta kopuru hori handitzea da Foru erakundearen erronka
pello zupiria
Asteazkena, 30 iraila 2020, 13:11
Bi hilabete baino gutxiago falta da Euskaraldiaren bigarren edizioa hasteko. Joan den astean, ariketa sozialaren arduradunek 'ahobizi' eta 'belarriprest' roletan parte hartzeko izen emate kanpaina hasi zuten. Azaroaren 20a gerturatzen doan heinean, ekimenaren aldeko atxikimenduak gero eta gehiago dira. Azkena, Bizkaiko Foru Aldundia izan da. Asteazken goizean, Euskalduna Jauregiko urmael parean egindako ekitaldian, Ibone Bengoetxea, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak bizkaitarrei «aurten ere jarrera aktiboa» izateko deia egin die. «Guztion ardura da hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera handitzea. Gutako bakoitza da garrantzitsua gure hizkuntza zabaldu eta zaintzeko», adierazi du Bengoetxeak.
Euskaraldiarekiko konpromisoa handia dela erakutsi nahi izan du Aldundiak. Bengoetxeak jakinarazi duenez, duela bi urteko edizioaren datuak hobetzea da helburua. Bizkaian, 80.000 bat herritarrek parte hartu zuten, 16 urtetik gorakoen %8ak. Horregatik, atxikimendua adierazteko ekitaldia ez da nolanahikoa izan. Bertan izan dira herrialdeko entitate garrantzitsuenen ordezkariak, Euskaltzaindia, Guggenheim, EHU, BBK eta Athleticekoak, besteak beste.
Ariguneen garrantziaz ere mintzatu da Bengoetxea, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Jasone Mendizabal, Topaguneko zuzendaria lagun zituela. Dagoeneko Foru Aldundian 120 taldek eman dute izena. Bengoetxearen hitzetan, «450 langile haien konpromisoa hartzeko prest». Jokabide hori lurralde historikoan hedatzea nahi dute erakunde eta entitate desberdinetako ordezkariek, eta horregatik azpimarratu dute izena ematearen garrantzia. «Berdin dio 'belarriprest' edo 'ahobizi', bakoitza erosoen sentitzen den rolean aritu dadila. Bi aste dira euskaraz bizi eta disfrutatzeko. Hamabost egun erabilera handitu eta urteko beste egunetara zabaltzeko», esan du diputatuak.
Berrogetia hamar bat ordezkari hurbildu dira Euskalduna Jauregira Euskaraldiari atxikimendua helarazteko. Sinbolismoz betetako ekitaldia izan da, gainera. Bilboko Koral Elkarteko 'Euskeria' abesbatzak eman dio hasiera Aita Donostiaren 'Zeruan eder ilargia' kanta abestuz urmaelaren alde batetik. Begira zeuzkaten agintari eta ordezkariak Onintze Enbeita bertsolariak ekin dionean. 'Ahobizi' kartela eskuetan, ondokoa aldarrikatu du: «Euskaraz gure erakundeak eta etxeko mahaia, eta euskara eroalea beti Nerbioi ibaia. Gorringo bako arrautza euskara gabeko Bizkaia».