https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Alan R. King euskaltzain britaniarra zendu da

Alan Roy King, hirugarrena eskumatik./Euskaltzaindia
Alan Roy King, hirugarrena eskumatik. / Euskaltzaindia

Akademiaren gramatika batzordean lan egin zuen, eta hainbat liburu eta artikulu argitaratu zituen hizkuntza gutxituen inguruan

AMALIA IBARGUTXI

Alan Roy King euskaltzain urgazlea hil zen asteartean, hilak 19, Zarautzen, 64 urte zituela. Lytham St Annes-2en (Ingalaterra, Erresuma Batua) jaio zen 1954ko urriaren 24an. Hizkuntzalaritzan doktorea Londresko Unibertsitatean, itzultzailea ere bazen, eta hizkuntzen biziberritze prozesuetan lan egindakoa ere bai.

Akademiaren gramatika batzordean ez zuen izan, hala ere, lehen kontaktua euskararekin King-ek. Miren Azkarate euskaltzain osoak argitaratutako agur-artikuluan jaso duenez, hizkuntza gutxituak gustuko zituen. «Ez da harritzekoa, beraz, 1970eko hamarkadan hasi izana euskaraz ikasten, Euskal Herrira etorri zenean. Eta, zaletasun horrek eramanik, 1985ean Gramatika batzordeko kide egitea. Londresko Unibertsitatean irakurri zuen doktore-tesia 'Communicative Grammar of the Basque Verb (Selected Aspects)' izenekoa», adiderazi du Azkaratek.

2003ko urtarrilaren 31n izendatu zuten euskaltzain urgazle. Argitaratutako lanetan ere, euskara eta euskal gramatika landu zituen. 'Euskal Gramatika. Lehen Urratsak' gramatikako liburukietan parte hartu zuen, eta 'The Basque Language: A Practical Introduction' eta 'Colloquial Basque' argitaratu zituen, azken hau Begotxu Olaizolarekin batera.

Hizkuntzen biziberritzean ere lan egin zuen. Bere blogean azaldutakoaren arabera, bi hizkuntza gutxituren berreskurapenean egiten zuen lan. Bata, euskara. Bestea, náhuat edo pipil hizkuntza, El Salvadorren hitz egiten dena, besteak beste. Euskal Herriak ikasi eta ikusitakoak hara eramaten ahalegindu zen, eta horren inguruko artikuluak ere plazaratu zituen: The Oxford Handbook of Endangered Languages liburuan argitaratutako 'Language Recovery Paradigms' edo 'El náhuat y su recuperación' artikulua, adibidez, bereak dira, adibidez.

Temas

Euskera