https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aitzol Atutxa eta Inhar Urruzuno 5 Kiroletako txapelketaren garaile

Aitzol Atutxa aizkolaria./Fernando Gómez
Aitzol Atutxa aizkolaria. / Fernando Gómez

Aizkolari dimoztarrak eta harrijasotzaile ondarrutarrak hasieratik hartu zuten aurrea Bilboko Bizkaia Pilotalekuan ospatutako txapelketan

UNAI SARRIUGARTE

Aitzol Atutxa eta Inhar Urruzuno bizkaitarrak 5 kiroletako lehiaketaren txapeldunak bihurtu ziren pasa den asteazkenean. 5 kirol lehiaketako lehen txapela Bilboko Bizkaia pilotalekuan ospatu zen. Lehiaketa honek bere izenak esaten duen bezalaxe bost kirol uztartzen ditu: harri jasotzea, aizkora, txinga, ingudea eta trontza izan ziren egin beharreko lanak.

Atutxa eta Urruzuno nor baino nor aritu ziren Xabier Orbegozo «Arria V» eta Jokin Eizmendiren aurka. Basque Sportsek antolatutako ekitaldian 1000 pertsona inguru bildu ziren. Antolatzaileek helarazi zutenez finaleko parte-hartzaileak pozik azaldu ziren Bilboko Bizkaia Pilotalekuan bildutako jendetzarekin.

Ekitaldian Inhar Urruzunok hasieratik hartu zuen aurrea. Aitzol Atutxak eta Urruzunok abantaila hori handitu egin zuten probak aurrera egin zuen heinean. Azkenean, 41 minutu eta 16 segundoko denborarekin Atutxa eta Urruzuno garaile izan ziren, indar erakustaldi itzela emanda. Xabier Orbegozok eta Jokin Eizmendik, berriz, 4 minutu eta 18 segundo gehiago behar izan zituzten egin beharreko lanak burutzeko.

Bestalde, emakumezkoen proban Nerea Egurrola euskal kirolariak ezin izan zuen Xanta Sousa lesakarrak 2016. urtean lortutako marka gainditu. Izan ere, jatorri dominikarra duen lesakarrak 55 osatu lortu zituen. Egurrolak, berriz, lau osatu gutxiago lortu zituen, hau da, 51.

Nerea Egurrolak beste erakustaldi batean marka hau gainditzea lortu zuen. Baina zoritxarrez pasa den asteazkenean ez zuen sorte berbera eduki. Egurrolak proba 18 minutu eta bost segundotan amaitu zuen. Era berean, Garazi Arruti proban bigarren geratu zen, 29 osatu eta bost metro zeharkatu ondoren.

Temas

Euskera