https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aitei zuzendutako lantegia antolatu du Gasteizko Udalak, gizonek heziketan erantzukizun handiagoa har dezaten

Aitei zuzendutako lantegia antolatu du Gasteizko Udalak, gizonek heziketan erantzukizun handiagoa har dezaten

ON:GIZ elkarteak antolatu du, eta aldez aurretik lau informazio-hitzaldi egingo dira urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra arte, parte-hartzaileekin ordutegiak adosteko

SERGIO EGUÍA

Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak —Estíbaliz Canto zinegotzia da buru— “Gure seme-alaben hazieraz eta hezkuntzaz arduratzen den aitatasuna eraikiz” lantegia antolatu du, Udaleko haur-eskoletako zein Haurreskolak Partzuergoko 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurren aitentzat.

Zinegotziak berak eta ON:GIZ elkarteko kide Diego de Cristóbal eta Eduardo Portillak aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan; hain zuzen ere, elkarte horrek genero-berdintasunaren alde egiten du lan, gizonak bide horretan inplikatzeari bereziki erreparatuz.

“Denbora erabilerari buruzko inkestek berriro ere adierazten dute ugalketa-lana ez dela berdin banatzen gizon eta emakumeen artean, eta beraz, etxean eta zaintzan lan-zama eta erantzukizuna ez da parekidea. Hori galga handia da emakumeentzat, espazio publikoan ez ezik baita publikoan ere”, azaldu du Cantok.

Ikastaroaren helburua da aitek erantzukizun handiagoa hartzea umeen zaintzan eta hazieran, hausnarketaren eta prestakuntzaren bidez. Orotara 12 ordu iraungo du, eta otsailetik maiatzera bitartean egingo da, interesdunek zehazten dituzten egun-orduetan. Horretarako, aldez aurretik lau informazio-hitzaldi egingo dira:

Urtarrilaren 29an, astelehenean, 16:00etatik 17:00etara, “Haurtzaro” udal haur eskolan (Santa Maria kantoia, z/g – Alde Zaharra) (euskaraz).

Urtarrilaren 31n, asteazkenean, 17:00etatik 18:00etara, “Ibaiondo” partzuergoaren haur eskolan (Bartzelona kalea, 18 – Ibaiondo) (gaztelaniaz).

Otsailaren 1ean, ostegunean, 17:00etatik 18:00etara, “Izarra” partzuergoaren haur eskolan (Astronomoak, 19 – Santa Luzia) (gaztelaniaz).

Otsailaren 2an, ostiralean, 16:00etatik 17:00etara, “Zabalgana” udal haur eskolan (Ilustrazioaren hiribidea, 46 – Zabalgana) (gaztelaniaz).

“Ikastaroa eginez,interesdunek aita arduratsuak bihurtu ahalko dira, hori nahi badute, eta, batez ere, beren etxeak guztion artean eraikitzen ahalegintzen ari garen berdintasunezko gizartearen isla izango dira ”, amaitu du Cantok. Orobat iragarri du ekimen hori ez dela bere sailak berdintasunaren alorrean prestatutako bakarra, otsailean proiektu pilotu bat abiaraziko baita Zaramaga haur eskolan, gizonek erantzukizun eta inplikazio handiago izan dezaten sustatzeko, hurrengo ikasturtean sare osora hedatzeko asmoarekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos