https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aita hizkuntza

Aita, ama eta semearen eskuak./Fotolia
Aita, ama eta semearen eskuak. / Fotolia
Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Hizkuntzalariak ama hizkuntzaz mintzo dira, baina, neure kasuan, aita hizkuntza bat ere badudala esan ohi dut. Euskara da nire aita hizkuntza; gaztelania, berriz, nire ama hizkuntza. Gure etxean aita zen euskaraz zekiena, eta guk euskaraz egitea nahi zuen, baita horretan saiatu ere. Gerraondoko debekuaren ostean, seme-alabak euskaldunak eta euskaltzaleak izatea zen haren gurari handienetako bat. Uste dut nire euskaltzaletasunak asko zor diola aitaren seta hari. Are gehiago, gaztetan jaso nuen heziketaren zutabe nagusiak erori eta kiskali egin zaizkidan arren, euskara da zutik irauten duen bakarrenetakoa. Gure amak, aldiz, ez zuen euskara ikasi, bere garaian saiatu zen arren. Hortaz, etxean bi hizkuntza genituela hazi nintzen, bai euskara bai gaztelania. Ikastola batean ikasi nuen, unibertsitatean ere euskaraz ikasi nuen, nire euskararen gaitasuna frogatzeko ez dakit zenbat azterketa egin behar izan ditut… Hala ere, harreman ona izan dut bi hizkuntzekin, eta euskaraz hitz egiten badidate, gustura erantzuten dut euskaraz; eta parean gaztelania baino ez dakien norbait egokitzen bazait, ez dut arazorik gaztelaniaz erantzuteko, etxekotzat baititut biak. Gainera, gaztelaniaz irakurri ditut euskaraz irakurri ezingo nituzkeen hainbat liburu, arrasto handia utzi didatenak. Hainbat abesti eta pelikula gozatu ditut gaztelaniaz. Gaiari dramatismoa kentzen saiatzen naiz, eta bereizi egiten ditut gaztelania bera eta zenbait espainiarren jarrera itxi eta frankismozalea, euskara eta zenbait euskaldunen jokamolde dogmatikoa bereizten ditudan bezala

Euskarazko idazle naizen aldetik, behin baino gehiagotan galdetu izan didate zergatik ez ote dudan gaztelaniaz idazten. Ez da erantzun erraza. Esan nahi baita, ez dudala nire bizitzako une edo gertaera jakin bat gogoratzen betiko euskaraz idaztera bultzatu ninduena. Ziur asko, erabakiak gehiago izan zuen sentimendutik eta maitasunetik gogoeta hotz eta zorrotzetik baino. Nolanahi ere, erabakia naturaltasunez hartu nuen. Neurri handi batean, gaztelaniaren aldean euskarak nire behar handiagoa zuela sentitzen nuen. Urritasun egoeran dagoen hizkuntza izaki, euskarak hiztunak behar ditu arrainak ura bezainbeste.

Guztiarekin, ez du auzi erraza euskarak. Aurrera egingo badu, ideologizazio karga handia beharko du atzetik, eta gauza jakina da gero eta gizarte desideologizatuago batean bizi garela. Euskarak nekez lehiatu ahal du gaztelaniarekin, ez bada goragoko asmo bat eransten bazaio euskarari, nazio berri baten eraikuntza kasu (aspalditik datorren zerbait). Izan ere, komunikazioaren merkatuan aske utziz gero, lehiakide zaila du euskarak gaztelaniarekin, eta ez bakarrik lege eta behartze kontuengatik. Azken batean, mundu mailan gaztelaniak izan duen gorakada ez zaio Espainiako Konstituzioari bakarrik zor. Aisialdi mundua ere erabat bereganatua dauka gaztelaniak, eta kalea bereganatzeko bidean ere badago. Gaztelaniak berez egiten du bidea, errazago, eta euskarak, aldiz, kontzientzia esfortzu bat eskatzen du sarritan, militantzia zirrikiturik gabea. Gero eta gutxiago hitz egiten dute gazteek euskaraz. Eta ingelesa ate joka.

Hor dago bidegurutzea. Nahiago nuke euskarak merkatuan baliabideak izatea eta, gaztelaniarekiko lehiarik eta areriotasunik gabe, bere lekua topatzea. Baina, esan bezala, bi hizkuntzen artean bata nagusitzen da nabarmen. Nahiago nuke euskararen biziraupena ideologizazio zorrotz baten menpe ez balego, laikoagoa balitz. Nahiago nuke erdaldun jendea euskarara gehiago hurbilduko balitz euskal mundua lehen eskutik ezagutzera, baina datuek garbi uzten dute euskaldunoi, euskarazko produktuen ordez (liburuak, musika…), erakargarriagoak egiten zaizkigula folklorikotik eta gastronomikotik dezente duten ekitaldiak. Indarra duen bakarra bertsolaritza da, eta kontuan hartu behar da ahozkoa eta bat-batekoa dela.

Gauzak horrela, erdibidean ikusten dut neure burua, inoren lurraldean. Alabaina, euskarari hauspoa eman nahian dabilen orok bere ondoan topatuko nau beti, hala ideologizaziotik nola etsipenetik urrun.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos