https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ainhoa Artetaren 'Emakumea izenarekin' kontzertua, gaur, Arriaga antzokian

Ainhoa Arteta, Arriaga Antzokian./Jordi Alemany
Ainhoa Arteta, Arriaga Antzokian. / Jordi Alemany

Rubén Fernández Aguirre pianistak lagunduta, 'Mirentxu', 'La del manojo de rosas', 'Tosca' eta 'Manon Lescaut' lanetatik jasotako erromantzak eta ariak interpretatuko ditu Tolosako sopranoak

EL CORREO

Ainhoa Arteta soprano tolosarrak 'Emnakume izenarekin' izenburuko kontzertua eskainiko du Bilboko Arriaga antzokira gaur ostegunean Rubén Fernández Aguirre pianistak lagunduta. Bertan, 'Mirentxu', 'La del manojo de rosas', 'Tosca' edo 'Manon Lescaut' lanetatik jasotako erromantzak eta ariak interpretatuko dituzte, besteak beste.

Gainera, Arriaga antzokitik jakinarazi dutenez, sopranoak eta piano jotzaileak Antón García Abril, Lorenzo Palomo eta Miquel Ortega egungo konpositoreen piezak eskainiko dituzte. «Edertasun melodiko handiko doinuak izango dira, bai eta testuaren eta musikaren arteko lotura zoragarria dutenak», adierazi dute.

Hautatutako hiru egile garaikideek harreman berezia daukate Arteta eta Fernández Aguirrerekin, aurretik haiekin lan egiteko aukera izan dutelako. Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude, 13,50 eta 46 euro artean, www.teatroarriaga.eus web orrian, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Austria, Mexiko, Estatu Batuak...

Ainhoa Arteta 1964ko irailaren 24an Tolosan jaiotako sopranoa da. Munduko aretorik ezagunenetan abestu izan du, eta hainbat diskotan parte hartu du. Halaber, sari garrantzitsuak jaso ditu, adibidez: New Yorkeko Metropolitan Opera National Council Auditions lehiaketakoa eta Parisko Concours International de Voix d'Opera Plácido Domingo lehiaketakoa.

Opera arloan bere estreinako emanaldia Estatu Batuetako Palm Beachen eskaini zuen 1990ean eta 1993an New Yorkeko Metropolitan Opera National Council Auditions saria eta Parisko Concours International de Voix de Opera Placido Domingo sariak irabazi zituen. La Traviatako Violeta, La Canción del Olvido-ko Doña Elvira eta Rigoletto-ko Gilda paperak egin ditu, besteak beste, munduko antzokirik garrantzitsuenetan. Izan ere, Espainian, Estatu Batuetan, Brasilen, Frantzian, Turkian, Alemanian eta Austrian eskaini ditu gehienbat bere emanaldiak.

Soprano gipuzkoarrak Michael Tilson Thomas eta New World Synphonyrekin abestu izan du, eta Carnegie Hallen Dolora Zajick eta Plácido Domingorekin batera aritu da. 1993-94 denboraldian, Austrian, Mexikon eta Estatu Batuetan egon ondoren, Metropolitan Opera House delakoan, La Bohème-ko Mimi paper protagonista egin zuen. RTVE Orkestrarekin Zarzuela diskoa, Música Renacentista izenekoa eta José María Canoren Ópera Luna diskoak grabatu ditu.

Urrezko Danborra

Bere bakarkako diskoa 2000. urtean kaleratu zuen; Recital du izena. 1999an Donostiako Udalak hiriko Urrezko Danborra eskaini zion Donostiaren irudia zabaltze aldera egin duen lanagatik, eta 2000. urtean Hispanic Society of America elkarteak arteari eginiko ekarpenak eskertzeko eman ohi duen saria ere eskuratu du, besteak beste.

New Yorken bizi izan da 17 urtez. 1998an, Dwayne Croft estatubatuar baritonoarekin ezkondu zen, eta bikotearen alaba, Sarah, Bilbon jaio zen, 2000. urteko udazkenean; hiru urte geroago, Arteta eta Croft banandu egin ziren. 2010eko urtarrilean, berriz, Iker izeneko semea izan zuen Ainhoa Artetak, bere oraingo bikotearekin, Jesus Garmendiarekin. Orain bere musikaz gozatu nahi duten interesdunek Arriaga antzokira baino ez dira hurbildu behar.