https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ahozko tradizioak gordetako ipuinak 'app' bilakatu dituzte

'Amattoren Uzta' liburuan Mayi Ariztiak Ipar Euskal Herriko ipuin kontalari zenbaiti entzun eta bildutako ipuinak hartu ditu oinarri Galtzagorrik app berri hau sortzerakoan./
'Amattoren Uzta' liburuan Mayi Ariztiak Ipar Euskal Herriko ipuin kontalari zenbaiti entzun eta bildutako ipuinak hartu ditu oinarri Galtzagorrik app berri hau sortzerakoan.

Galtzagorri Elkarteko Klik-Klasikoak proiektuaren laguntzaz, Patxi Zubizarretak berridatzi eta Maite Gurrutxagak ilustratutako «abentura grafikoa» sortu dute. Mayi Aristiaren aspaldiko 'Amattoren uzta' hartatik istorio batzuk hartu dituzte eta berariaz sortutako musika erantsi

AMALIA IBARGUTXI

Ipar Euskal Herriko ipuinak biltzen ditu aspaldiko 'Amattoren uzta'-k. Mayi Ariztiak Iparraldeko ipuin kontalari zenbaiti entzun eta bildutako ipuinak 1934an argitaratu zituzten lehenengoz Baionan, 'Gure herria' aldizkariaren gehigarri gisa. Ipuin horiek oinarri hartuta, Galtzagorrik transmedia kontakizunetara salto egitea ahalbidetu duen 'app' berria sortu du transmedia irakurketarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin eta Erein argitaletxearen eta Orona Fundazioaren babesarekin.

1982an Elkar argitaletxeak, Galtzagorri Elkarteko Klik-Klasikoak proiektuaren laguntzaz, Patxi Zubizarretak berridatzi eta Maite Gurrutxagak ilustratutako bertsioa erabili dute app-a sortzeko. Horrela, app-an ere Zubizarreta izan da gidoigile eta Gurrutxaga ilustratzaile. Joserra Senperenak sortu du musika, eta Amaia Hennebutek eta Patxi Zubizarretak ahotsa. Oreka Interactive enpresak egin du garapen informatiko osoa.

Transmedia kontakizunetara salto egin du proiektu honekin Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak. Klis-klasikoak APP bildumaren baitan, «pauso bat gehiago ematea ekarri du» 'Amattoren uzta' app-ak. Izan ere, «XX. mende hasieran Ipar Euskal Herriko baserrietan ahoz kontatu eta mende horren erdialdetik aurrera paperera jasotako ipuin tradizionalak dira app honetan entzun eta dibertitzeko aukera eskainiko digutenak. XX. mendean ipuin horiek paperera pasatzea izan zen berritzailea, bestela galdu egingo zirelako beldurrez jaso zituen Mayi Ariztiak; orain, beste pauso hau eman du Galtzagorrik, kontakizun transmedia bihurtzen ari da istorio bikain hauek, eta hala bizi berri bat emango die, erakutsiz euskarazko istorio tradizionalekin jolas erabat berritzaile eta modernoak egin daitezkeela euskaraz, hizkuntzarekin berarekin, euskal literaturarekin eta 8-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako euskarazko liburu klasiko batekin».

'Amattoren uzta' liburuan bildutako hamabost istorio tradizionaletako hiruri bizia eman diete. Transmedia kontakizunak eta jolasak sortu dituzte, «abentura grafikoa sortu dugu. Hartz-kumeren istorioa'-rekin, 360 graduko esperientzia 'Gameluaren istorioa'-rekin eta ipuin interaktiboa 'Arttoren istorioa'-n oinarrituta. Guztia, gainera, berariaz sortutako musikaz lagundurik», adierazi du Galtzagorrik.

Liburu-bildumatik app-bildumara

Galtzagorri Elkarteak duela lau urte abiatu zuen 'Klis-klasikoak' liburu-bildumaren app-bilduma, 'Maria Goikoak batbirulau!' aplikazioa sortzearekin batera. Harrera ona izan zuen; Gipuzkoa App's Lehiaketako sari nagusia irabazi zuen eta.

Ildo beretik jarraituz, bigarren aplikazio multiplataforma garatu zuen elkarteak 2016an, 'Txan fantasma' liburuan oinarritutako aplikazio multiplataforma, hain zuzen. Egitasmo honi nolabaiteko jarraipena emateko sortu zuten 'Amattoren Uzta' ipuin bilduman oinarritutako app-a. Dagoeneko Apple storen eta Google playn deskargatu daiteke.

App-aren bizitza luzatu egingo dute gainera, lehendabiziko transmedia irakurketa kluba sortuta. Datorren uztailean Orona Ideon egingo dute 8 eta 12 urte bitarteko gazteen irakurzaletasuna sustatzeko. Izen ematea zabalik dago ekainaren 22ra arte.

Euskarri ezberdinetan oinarritutako irakurketa klub honetan, gehienez ere, 8 eta 12 urte bitarteko 15 haurrek parte hartu dezakete. Klubaren matrikula prezioa 60 eurokoa da (haur bakoitzeko) eta izen ematea zabalik dago ekainaren 22ra arte. Oraindik badago lekua eta aukera Transmedia irakurketa klub honetan literaturarekin eta teknologia berriekin dibertitzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos