https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ahoz gora

Emakumeak, Martxoak 8ko Bilboko manifestaldian./
Emakumeak, Martxoak 8ko Bilboko manifestaldian.
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Hautsak harrotu ditu aurreko martxoaren zortzian 'antikapitalismo' terminoak. Manifestuan 'antikapitalismoa' aipatzen zen eta hori marra gorritzat hartu dute askok. Niri koherentea iruditu zait alderdi batzuen atxikimendu falta. Feminismoak gizartearen berregituraketa sakona aldarrikatzen du. 'Antikapitalismo' terminoa alboratu genezakeen, beste zer edo zer asmatu, hizkuntza oso etorkorra baita, baina errealitatearen azken substratuan ikusiko genuke kapitalismoak jarduera ez produktiboak zigortu dituela. Alde edo kontra egon gaitezke, baina, esaterako, zaintza arloan emakumezkoek egin duten lan izugarria ez du aintzat hartzen sistema honek. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko soldata-arrakalaren oinarrian sistemaren irizpideak daude. Azaldu beharko genuke zergatik dauden hainbat lanbide edo profesio beste batzuk baino prekarizatuago; hausnartu beharko genuke zergatik gertatzen den lanaldi murrizketa eskatzen dutenen gehiengoa emakumezkoa dela. Terminologia aldatu dezakegu, hitzak asmatu, baina kapitalaren antolakuntza funtsezkoa da egoera horiek guztia ulertzeko.

Denok dakigu zenbat balio duen kilo bat sagarrek, edo torloju batek, edo praka batzuek; eta jakingo ez bagenu, aise informatuko ginateke. Baina zenbat balio du, esaterako, oraintxe bertan ospitaleko geletan senideak zaintzen ari diren emakumezkoen arretak? Zenbat balio du, adibidez, ohearen alboan gaua pasatzen ari den emakume horren denborak? Kalkuluak egin beharko lirateke.

Pasa den urteko manifestazioa arrakastatsua izan zen oso, gogoangarria feminismoaren historian, garrantzitsua erabat. Baina nire ustez aurtengoa baino alaiagoa izan zen hura, ideologikoki arinagoa. Aurten, politikoagoa izan delakoan nago. Feminismoa ideologia politiko eta kultural oso bat dela transmititu da. Kartak ahoz gora jarri dira. Orain nork berak erabaki dezala non kokatu nahi duen bere burua. Kontzeptuak argitu dira eta ez dut uste txarra denik. Eztabaidarako komenigarria da beti zeri buruz ari garen jakitea.

Temas

Euskera