https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ahaztutako abesti ederrak

Tuna bat, kantu bat jotzen./
Tuna bat, kantu bat jotzen.
ROBERTO MOSO

Ahaztutako abesti ederrek kasete zinta batean grabaturiko maketa horietako batean egiten dute lo. Edo beharbada horitutako partitura batean.

Edo agian, ezta hori ere. Burmuinen batean ezkutatutako txoko batean daude hilzorian; gero eta gutxiagoetan, gero eta okerrago gogoratuak.

Ziur badakizula zertaz ari naizen. Aspaldian kontzertu hartan edo desagertutako irrati-saio liluragarrian haiekin gozatu zenuen. Zorte handirik gabeko talde edo bakarlari horrek ez zuen ibilbide sendo bat gauzatzeko aukerarik izan, baina, errepertorioan bazuten harribitxi hori, beren talentua laburbiltzen zuen piezarik preziatuena, bildu zituzten fan gutxiek beti eskatzen zietena.

Ahaztutako abesti ederrek ez dakite askotan horren ederrak direnik. Jendeak gogoko dituen kantuetan nolabaiteko zuzentasuna dagoela pentsatzeko joera dute, «azken finean -uste dute- hain ederrak izango bagina denon ahotan egongo ginateke, talde edo bakarlarien arrakastaren gakoa izango ginateke, milaka bertsio aurki genitzake I-Tunes edo Spoty-fyn; abesti zaharrak berreskuratzeari ekiten dioten emisoretan belaunaldi baten ikurtzat aurkeztuak izango ginen...».

Hala ere, ahaztutako abesti ederrek ez dute esperantzarik galtzen. Soto ilun bateko tiradera edo kartoizko kutxa horietan zurbiltzen diren bitartean, amesteko denbora daukate, luzaroan.

Batzuetan ametsa honelakoa da: norbaitek, etxe-aldaketan edo ganbara antolatzean, kutxa zahar horren edukia miatzeko bulkada dauka. Bat-batean grabaketa horren mamia estalgabetzeko jakin-mina sortzen zaio eta irrati-kasete zahar batean bizi berri bat ematen dio. Orduan ahaztutako abesti paregabe horretaz gogoratzen da eta berriro indarrean jartzea erabakitzen du. Ordenagailuan sartu ostean, tipo horrek ezagutzen duen talde ospetsu bati bidaltzen dio eta miraria sortzen da. Talde horrek bere errepertorioan sartzen du eta aste batzuen bueltan hit-parade guztietako puntan kokatzen da, izugarrizko kritikak eraginez. Bulego ziztrin batean lanean dagoen musikari ohi batek, kristoren ‘royaltyak’ kobratzen ditu, munduan zehar salmenta sinestezinak eskuratu ostean. Esaten dutenez, horrelako zerbait gertatu zen tuna guztiek jotzen duten ‘clavelitos’ kantu ezagunarekin.

Beste batzuetan ametsa umilagoa da. Nahiago dute pentsatzea beste norbaiten abesti famatu horretan beren eragina nabaria dela. Egilea, akaso, ez zen konturatu ere egin, baina bere kantu arrakastatsu hori konposatzean, oroimenean gordeta zeukan abesti eder horren eragina zegoen, irratian edo antzinako emanaldi urrun hartan nahi gabe grabaturik geratu zitzaiolako. Orain 'Operacion Triunfo' saioan edo horrenbeste ale saldu duen disko famatu horretan milaka entzuleren babesa eta miresmena lortzen duenak, euren aztarna dauka, nahiz horretaz, inor ez ohartu inoiz ere.

Noizbait aditu nuen: esaten edo kantatzen dugun guztia nonbait geratzen da betiko.

Agian egunen batean haizean galdutako altxorrak berreskuratzeko ahalmena izango dute... Edo beharbada, ez da mundu honetan belarririk geratuko inongo kanturik entzuteko eta agian, denek, ahaztuek zein arrakastatsuek, haizearekin bat egingo dute etengabe, behin betiko mendeku gisa. Inoiz justizia egingo den itxaropenez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos