https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Agur betiko

Bere 'zikloa eta betebeharra' amaitzeari begirako barne prozesuaren azken txanpan ei dabiltza ETAko kideak, asteon ezagutzera eman denez. Hainbeste atsegin duten hizkera nahasiarekin jolasean jarraitzen duten arren, desagertzea da erakunde horrek daukan irtenbide bakarra

Agur betiko
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

ETAko zuzendaritzak kide dituenei eztabaidatzeko eta bozkatzeko helarazitako proposamenak dioenez, «gatazka armatuaren eta horrekin lotutako egoeren sasoia ixtea dagokigu, gure indar guztiak prozesu politikoa indartzean jartzeko». Hausnarketa duela zenbait hilabete abiatu zen eta hiru dokumentu ditu oinarri: bata 'kontestualizazio historikoa' ezartzekoa; bigarrena, 2009tik honako aroa laburbiltzen duena; eta hirugarrena, proposamen politikoa. Azken hau ezin omen da zatika bozkatu, bere osotasunean baino. Helburua, jakina, jarrera argi bat zehaztea da, berehala bururaino eramatekoa. Beste modu batera esanda, laster dela desagertzekoa.

ETA beti egon da errealitatetik oso urrun eta, 2011ko urriko su-eten iraunkorrarenarekin batera, bere buruaz beste egiteko honako hau izan daiteke horri lotutako erabaki bakarretakoa. Euskal herritarren gehiengo oso zabalaren aurka ekiteak ezin zuen beste inora eraman. Bide armatuaren alde tematzeak sekulako kaltea eragin du, erakundea bera kale itsura eramateraino. Orain, azken hatsa ematekotan dela, egoera mozorrotzen jarraitzen du, berarentzat atseginago egin guran. Baina alperrik. 'Lasaitasun estrategikotik' ari dela dio, eta bere balizko 'ondare politikoaz' dihardu. Lehena, baina, ezinezkoa da lepo gainean porrot borobilenaren zama daramanarentzat, eta 800dik gora lagunen gorpuak pilatzea ez da bateragarri bigarrenarekin.

ETA oso aspaldi geratu zen larru gorritan, karikatura bilakatuta. Gaur egun, «askatasun nazionalerako prozesua bururaino eramateko baldintza objektibo nahikoak» ikusten dituela dio, baina hala komeni zaiolako bakarrik. Desagertu besterik ezin duelako egin eta bere burua moduren batean zuritu behar duelako. Politikoki, militarki zein babes sozialari dagokionez hezur eta azal besterik ez den arren, osasuntsu eta eskuzabal agertu nahi du. Baina badaki ez dagoela beste inoizkoa ez den baldintzarik, Lizarra-Garaziren garaian, Zapaterorekin hizketan ari zela edo beste hainbatetan ez zegoenik. Berdin zaio, gezurretan ari delako beste behin.

Askatasun nazionala bera, zerbait dinamikoa beharrean, zirt edo zartekoa izan da ETArentzat eta, oro har, ezker abertzalearentzat. Sortzetiko abiapuntu bat behar zuen, eurei esker heldutako momentu miragarria. Ez zitzaion zertan Euskal Herriaren aniztasunari erreparatu beharrik, berdin zen hegoa zein iparra, EAE zein Nafarroa. Ñabardura ziruditen berezitasunek, bihar Estatu bilakatu nahi ez zutenen aitzakia. Maila horretako ildotik jo izan dute gainerakoen aurka, eskura zituzten tresna guztiekin. Inorako bidean, sekulako ikuspegi itxi, sektario, zeken eta pobrea goiburu. Horregatik daude oraingoan, argumentuen iruzurretan oinarritutako epitafioa idazteko saiakeran.

Baina, bere muga gero eta txikiagoetatik kanpo, oso aspaldi utzi zion ETAk inori ziria sartzeko ahalmena izateari. Eta, azkenetan dagoenean, ezin izango du beharra bertute modura saldu: nabarmenegia delako aldea, jazotzen denaren eta erakundeak dioenaren artekoa. Bere porrota maila guztietakoa delako, erabatekoa. Ez duelako sinesgarritasun aztarnarik eta bere hausnarketek ez dutelako nondik eutsi. Izua eta samina zabaltzeari utzi diotenean, azpiko geruza irrigarria baino ez delako agerian geratu. Hitz handiosoek honakoan ez dutelako maila jasorik ez argudio landurik islatzen, horien hutsaltasuna besterik ez. Ezin bestela izan norberak ordezkatzen omen duen herria ia ahobatez aurrez aurre jarri zaizunean, horrek eragindako maila guztietako kontraesanak jasanezinak direnean.

ETAren behin betiko amaierak on besterik ez dio egingo euskal gizarteari. Iraganeko hainbat zauri ixten jarraitzeko, bestelako dinamika politikoak ahalbidetzeko, luzaroko lubakiak estaltzeko. Eta giza eskubideen alde tinko jarduteko. Baita erakunde horretako presoei dagozkienak aldarrikatzeko ere, horiek ezin direlako negoziagai izan, ez testuinguru politikoaren arabera baliatu. Gizabanakoak direlako oinarrizko horien jabe. Alde horretatik, ezin da kartzela politikaren aldaketa gehiago atzeratzeko aitzakiarik onartu, eta askoz jarrera proaktiboagoa eskatu behar zaio Espainiako Gobernuari arlo honetako gabeziak eta defizitak gainditzeko.

Maila askotan dago zer egin, zer hobetu, zertan bestearekiko enpatia landu, Joseba Pagazaurtunduaren erailketan lagundu zuten biri Andoainen berriki egin dieten ongi etorri modukoak erakutsi duenez. Legezko baimenak dituena eragozterik ez dagoen arren, giza mailan erabat gaitzesgarria delako omenaldi kutsuko hori, eta ez diolako onerako ekarpenik egiten bizikidetzari. Ez delako etxekoek edo ingurukoek maila pribatuan egindako zerbait, gizarte osoari begirakoa baizik, eta ez kasualitatez. Krudelkerizko erakustaldi antzeko horretan aldarrikapen jakin batzuk direlako bultzagai, pertsona horien ibilbidea hartzen delako aintzat, nahiz eta jakin zein mingarria den biktimaren senitartekoentzat eta zein iraingarria horiekiko elkartasuna adierazten duen gizartearen gehiengo zabalarentzat. Inor erailtzeko edo mehatxatzeko salatari zereginetan ibili direnek kalte baizik ez dutelako egin. Baina badago oraindik hori barneratzeko gaitasuna ez duen gutxiengorik, hurkoaren azalean jartzen ez dakiena, erresistentzian bizi dena. Eta horrelakoek ez dute batere laguntzen bestelako etorkizun partekatua eraikitzeko.

Zorionez, ETA iragana izango da oso laster. Ez bakarrik armak bazterrean utzi dituelako, baizik eta ez delako jada esistituko. Min izugarria eginda doa, lehenago zergatik desagertu ez den azaldu ezinik, hitzak eta kontzeptuak desitxuratuta, errealitateari uko eginda. Baina bere porrot erabatekoa ezkutatzeko modurik gabe. Aspaldi jaurti zuten euskal herritar gehien-gehienek historiaren zulorik beltzenera, eta hor datza. Horrenbesterainokoa izan da eragin duen samina. Horrenbesterainokoak bere erruzko malkoak. Beti egongo da biktimekin zorretan. Gizarte osoarekin, zama besterik ez delako izan. Baita maila politikoan eskutik eraman dituenentzat ere, sinergiak eragotzi dituelako, gehiengo alternatiboak ezinezkotu, aukerak zimeldu. Ia ezker abertzalea bera suntsitzeraino. Baina, azkenean, ETA badoa. Doala betiko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos