https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg
Asisko Urmeneta - Marrazkilaria

«Agosti Xahoren memoria zabaldu behar dugu, gure heroi bat da-eta»

Asisko Urmeneta, 'AztiHitza' lana eskuan duela. / JON GOMEZ GARAI
Asisko Urmeneta, 'AztiHitza' lana eskuan duela. / JON GOMEZ GARAI

Asisko Urmeneta Marrazkilaria. 'AztiHitza' komikia kaleratu du Agosti Xahoren biografia ezagutarazteko asmoz

IRAITZ URKULO

Asisko Urmenetak (Iruñea, 1965) ibilbide emankorra egina du euskal komikigintzan. Oraingoan erronka handi bati ekin dio: Agosti Xaho idazle, kazetari eta hizkuntzalariari buruzko obra grafikoa ondu du, Erroa eta Herrima argitaletxeen eta Prefosta elkartearen bultzadaz.

Lehen karlistaldian, Xaho gazteak euskaldunen oldartzearen kronika bikaina egin zuen 'Bidaia Nafarroara' liburuan, eta horren moldapen librea da Urmenetaren 'AztiHitza. Xahoren BioGrafikoa'. Zuri, gorri eta beltzean sortua, formatu handia eta azal gogorrak ditu komikiak. Izan ere, luxuzko edizioa da, itxuraz zein edukiz.

–Mugaren bi aldeetako euskaldunen bultzada jaso du 'AztiHitza' liburuak. Noren ideia izan zen proiektua? Nola iritsi zen zure eskuetara?

–Erroa argitaletxekoak harremanetan jarri ziren nirekin, bilduma bat hasia baitzuten Adur Larrearen 'Gabriel Aresti BioGrafikoa' obrarekin, eta argi zeukaten bigarren albumaren protagonista Agosti Xahok izan behar zuela. Nik egin nezan proposatu zidaten, eta xede berera batu ziren gero Herrima argitaletxea eta Prefosta elkartea; hala, elkarkidetza emankorrak ahalbidetu du edizioa.

«Xaho sortzailea 
eta jostalaria zen, asmatzaile irudimentsua. Ironia gaitza zerabilen polemiketan»

–Nor izan zen Agosti Xaho?

–Gure heroi nazionaletariko bat. Eta ez da harrigarria hain ezezaguna izatea gure artean, hemen inperioaren alde egin dutenak soilik famatzen direlako: Elkano, Harizpe, Loiola… Xahok, berriz, herriaren alde egin zuen: euskal prentsa abiatu zuen 1848an; oso gizon jantzia zen zuzenbidean, hizkuntzalaritzan eta historian; politikoki aurrerakoia; herritar xeheen aldekoa; kantu zaharren biltzaile eta berrien egile…

–Euskal Herriko historiaren aldi gatazkatsu batean bizi izan zen Xaho. Eta modu aktiboan parte hartu zuen orduko gertaeretan.

–Europa guztian gertatzen ari ziren altxamendu erromantikoak. Horien ondorioz, Grezia eta Belgika sortu ziren estatu subirano gisa, eta Italian eta Polonian bateratze politiko geldiezinak abiatu ziren. Xahok Europako Gorteetan ezagutarazi nahi zuen hemengo kausa, eta hogeita hiru urterekin kronika zoragarri bat egin zuen Nafarroako frontetik, frantsesez eta alemanez argitaratu zena.

–Zer ekarpen egin zizkien euskal politikari eta kulturari?

–Babestu zituen erakunde nazionalak, hau da, Gorteak eta Juntak. Haren erranean, Forua demokratikoagoa zen Espainiako edo Frantziako legeria baino. Formulatu zuen Euskal Herri batuaren independentzia, errepublika federal gisa. Euskarari dagokiolarik, zeinari 'Argi Herrikoia' erraten baitzion, gramatika eta ortografia nazional baten beharra aldarrikatu zuen, baita haren erabilera esklusiboa ere eskola maila guztietan.

–Ikerketa eta dokumentazio lan handia egingo zenuen, ezta?

–Hasteko, nik erakutsi nahi izan dut Xaho zuzen zegoela eta, aitzindari izanik ere, ez zegoela bakarrik. Horregatik, haren obra irakurtzeaz gain, hari buruz idatzi dena ere arakatu dut, eta Xahori buruz gehien dakitenak elkarrizketatu: Fermin Arkotxa eta Patri Urkizu. Azkenik, historiak bide eman dit haren diskurtsoa testuinguruan kokatzeko, eta hala aurkitu ditut beste erraldoi batzuk, Polverel eta Sagaseta, kasurako.

Asmatzailea

–Palindromo bat aukeratu duzu izenburutzat: 'AztiHitza'. Zer adierazi nahi izan duzu haren bidez?

–Xaho sortzailea eta jostalaria ere bazen, asmatzaile irudimentsua. Ironia gaitza zerabilen prentsako polemiketan, eta hizkera joriaren jabe zen. Hori islatu nahi izan dut izenburuan. Bestetik, alde esoterikoa ere bazeukan: logia eta beste elkarte sekretuetako partzuer zen, eta Aztien Zibilizazioa ezartzea zuen jomuga. Horregatik guztiagatik jarri diot obrari 'AztiHitza' izenburua.

–Kolore gorria nagusitzen da azalean nahiz barruko orrialdeetan. Zergatik?

–Xaho politikari gorria izan zen, eta gerra latzean berriemaile. Nafarroako eta Zuberoako eta geroko ikurrinaren gorria ere islatu ditut, eta karlisten txapelarena, Zumalakarregiren patu tragikoarena, Erromantizismoaren gorria… Ezinbesteko kolorea zen!

–Istorioan egungo Zuberoa eta XIX. mendeko Euskal Herria irudikatu dituzu. Bi garaiak lotu nahi izan dituzu?

–Jack Kerouac-ek idatzi zuen iragana ekialdean dagoela, eta etorkizuna, berriz, mendebaldean. Herri honetan ere, Zuberoari (inoiz aipatzen baldin badugu), antzinateko urrina dario: pastorala, maskaradak, kantu arkaikoak… Eta nik erakutsi nahi nuen gaur eta hemen zuberotar gazte euskaldunik badagoela, eta ekimen interesgarrietara biltzen direla, bizkaitarrekin batera batzuetan, Xahoren sortetxea biziberritze xedean, adibidez.

Erromantikoa

–Liburu honen bidez Xahoren memoria gorde eta aldi berean hura ezagutaraztea duzu helburu?

–Berak errana zuen gure aberastasunean pobre garela. Dialektoez ari zen; izan ere, 'gorde' aditzak, ekialdean, 'ezkutatu' adiera dauka. Xahoren memoria ez dugu denbora gehiagoz gorde behar, baizik eta zutik 'atxiki' eta, zuk erran moduan, 'ezagutarazi'. Gainera, haren hitzak gaurkotasun handikoak dira, argudio ezin hobeak dira, konplexu gabeak. Beraz, 'erabili' ere egin behar ditugu.

–Liburuan Xahorik erromantikoena ageri da, eta zure lanak ere espiritu erromantikoak hartua dirudi, euskal nortasunaren apologia tarteko.

–Ni ere banaiz nonbait garaiz kanpoko euskal erromantiko horietariko bat… 'Nortasun' hitza ez zait hainbeste ardura, nik nahiago dut 'kausa' berba: gurea zuzena da, inork ez baitu eskubiderik zoriontasuna besteon kontura eraikitzeko. Baina hemen auzoa gure baratzean sartu zaigu, indarrez sartu ere, gure jabegoa hesitu eta administratu egiten du. Alabaina, ez tankeek ezta denborak ere ez diote arrazoia emanen.

–Zer beste kontu berri ikasiko ditugu irakurleok Xahori buruz?

–Natura errotik maite zuen, eta garaiko aurkikuntza zientifikoen jakinean zegoen. Jende irekia zen, eta arras maitatua bere denboran. Hona haren 'Azti-Begia' liburutik jasotako aipua: «Etorriko da Euskal Nazioaren berrezarpenaren aldia; eta justiziaren ahotsa nagusituko balitz politika sanoan, independentzia proklamatuko da batere gudurik gabe: orduan Pirinioak entzunaraziko ahal du bere handitasuna, oro amodio eta harmonia!».

Temas

Euskera