https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Afrikar identitate kulturalekin bat egiten duten lehendabiziko panpinak merkaturatu berri dituzte

Afrikar identitate kulturalekin bat egiten duten lehendabiziko panpinak merkaturatu berri dituzte
Borja Agudo

«Sibahl» izenekoak mendebaldeko kanonei aurre egin eta arrazen edertasunaren aniztasuna aldarrikatzea bilatuko du

UNAI SARRIUGARTE

Afrikar identitate kulturalekin bat egiten duten lehendabiziko panpinak merkaturatu berri dituzte. Egun denda, liburu edota marrazkietan ikusgai dauden erreferenteen edertasun kanonetan eredu kaukasikoa da nagusi. Hemendik aurrera panpina berri hauei esker kultura identitate aniztasuna izango da merkatuetan.

Hori dela bide, jatorriz ile-apaintzaileak diren Khulile Vilakazi-Ofosuk eta Caroline Hlahlak Sibahle emakumeek afrikar identitate kulturalekin zerikusia duten panpinak ekoizten dituen lehendabiziko enpresa sortu dute. Mendebaldeko kanonei aurre egin eta arrazen edertasunaren aniztasuna aldarrikatzeko helburuarekin.

«Sibahl» da panpina bildumaren izena. Termino honek ederrak gara esan nahi du zulu hizkuntzan. Ezaugarri kaukasikoetatik harago beste kultura ezberdinetako ezaugarriek edertasunarekin lotura badutela irakastea bilatu nahi izan dute panpina hauen sortzaileek. Gainera, laster panpina hauen gizonezko bertsioak sortuko dituztela iragarri dute.

Honako hauexek dira merkaturatzen hasiko diren panpinen izenak: Bontle, sotho hizkuntzan edertasuna; Neha, indiar hazpegiekin; Zuri, swahili hizkuntzan edertasuna, albinoa den panpina; Nobuhle, zulu hizkuntzan edertasuna ordezkatzen duena; Ayana, azal mestizoduna aurkezten duena; eta Ndanaka, ederra naiz shona hizkuntzan, bitiligodun panpina.

Egun arte zail xamarra izan da ile kizkur eta azal beltzarana aurkezten dituen panpina eredurik dendetan aurkitzea. Edonola ere, azken urteotan hainbat film eta telesailetako rol protagonistak interpretatzen dituzten aktoreetako asko beltzak dira. Hauxe aurrerapauso txiki bat izan da identitate kulturalen esparruan.