https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Afrika-munduaren gogoeta

Emakumeak Afrikan oso egoera txarrean bizi dira herri guztietan. / RAFAL CICHAWA
Emakumeak Afrikan oso egoera txarrean bizi dira herri guztietan. / RAFAL CICHAWA

Kontinente beltzeko intelektualak eta artistak bere herriek lekuz kanpo daudela uste dute, bertan heriotza eta gizarte-lokarria modu estuan daudelako loturik

FELIX GERENABARRENA

2016ko urrian, Dakar eta Saint-Louis-du-Sénégal hirietan, 'Ateliers de la pensée' (Pentsamenduaren tailerrak) izeneko jardunaldiak antolatu ziren. Bertan bildu ziren, Afrikaren egoeraz eta etorkizunaz eztabaidatzeko, afrikar kontinenteko lurralde guztietatik joandako intelektualak eta artistak. Topaketa hartan aurkeztutako ideia nagusiak 'Écrire l'Afrique-Monde' liburuan jaso dira. Esan daiteke afrikar intelektualitateak dituen ahots garrantzitsuenak daudela bilduta liburu horretan. Liburua argitaratzeko aukeratu duten izenburuak badu zerikusia orokorrean eskaini nahi duten prozesu historikoaren irakurketarekin. Aurkezpenean, Achille Mbembek eta Felwine Sarrek aipatzen dute argitalpen honekin pentsa-tzeko modu berezi bat nahi dutela saihestu, Afrika lekuz kanpo dagoen errealitatea kontsideratzen duena alegia. Mbembek 'De la postcolonie' lanean aipatzen du Afrika 'hors-monde' dagoela, munduz kanpo, batez ere, bertan herio-tza eta gizarte-lokarria modu estuan daudelako loturik.

Europar ikuspuntutik, 'Écrire l'Afrique-Monde' garrantzi-tsua da kolonien esperientzia Europak zibilizazio-proiektu bezala izan duen itzal ilunenetakoa delako. Kolonia-ondorengo egoeran oraindik nabari dira afrikar herriek mendebaldeko lurraldeekin alderatuz azaltzen dituzten salbuespen ezaugarriak. Horrez gain, autoreek Afrika-Munduaz hitz egiten digutenean, behin eta berriro azaltzen digute unibertsaltasunaren kezka. 'Unibertsaltasuna' hitzak badu justiziazko alderdi bat, gizaki guztien eguneroko bizitzetan oinarrizko eskubideak gauzatzea eskatzen duena. Mendebaldean, Frantziako Iraultzaren ondorioz, ukiezintzat hartzen diren eskubideak eta askatasunak dira. Bestalde, unibertsaltasunak kultura eta zientziarekin du zerikusia. Europar kulturak aurreiritzi kaltegarriak mantendu ditu Afrikarekiko. Hegelen historiaren interpre- tazioak horren adierazle da. Egia da garapen zientifikoa eta eztabaida kritikoaren kultura europar lorpen bat direla. Alabaina, kulturazko tradizio horrek talka egiten du ibilbide bera jarraitu ez duten afrikar kulturekin. Talka hori ez da bakarrik intelektuala, baita bizimoduena, sinismenena eta balioena ere. Azkenik, hausnarketa orokor moduan esan daiteke liburuan jasotzen diren ekarpenak hiru arlotan sailkatu daitezkeela: arlo sinbolikoa, erreala eta imajinarioa.

Afrika sinbolikoa

Europar kulturak aurreiritzi kaltegarriak mantendu ditu Afrikarekiko

Zeren izena da Afrika? Léonora Mianok diosku kontinenteari europarrek emandako deitura dela Afrika izena. Indigenek beste hitz batzuk dituzten arren, historian zehar nolabait metabolizatu egin behar izan dute gainean jarri dieten deitura. Mianoren ustez, Afrika, izena izateaz gain narrazio bat da, «dagoeneko historia zaharra», elkarrekiko proiektu bat eraikitzeko garrantzitsua dena. Haren aburuz, esanahi kolektiboa aurkitu behar dute afrikarrek, Afrika, «guretzat zer esan nahi duen» omen da. Sami Tchak idazlearen ustez, Afrikaren zeinu deigarrienetako bat exotismoa izan da. Nahiz eta Afrika exotikoarekin edonork identifikatu dezakeen, Tchakek dio exotismoa aldi berean dela hutsala eta an-tzerkizkoa. Tchakek uste du, azken unean, afrikar sortzaileek giza muina ukitu behar dutela beren lanetan. Hori da haren-tzat unibertsalaren balioa afrikar ikuspuntutik. Benaouda Lebdaik uste du «migrazioek izatea eraldatzen dutela». Beraz, herriz aldatu behar izan duten afrikarren esperientzia eraldatu egin da, barnean «anitz mundu» darama-tzatelako. Esperientzia berri honi 'afropolitismoa' deitzen dio Lebdaik, ainguratze bikoi-tza baitu, mendebaldean eta Afrikan. Lebdairen ustez, prozesu hau zentzu positiboan ulertu behar da, diasporako idazleek dei aldarrikatzailea dutelako, Afrikan eta Europan pentsamenduari ate berriak irekitzen dizkielako.

Afrika erreala

Afrikaren errealitateaz hitz egiterakoan bi datu dira saihetsezinak, demografiari dagokiona eta berari erantsita doan datu ekonomikoa. Ndongo Samba Syllak aipatzen du proposa- tzen diren eredu makroekonomikoetan argudiatzen dela herrialdeen hazkunde ekonomikoak epe luzean txirotasuna gutxitu edo desagerraraziko duela. Horretarako gobernuek lanpostu duinak sortu behar lituzkete, mendebaldearen norabideak eredutzat hartuz. Afrikaren hastapeneko egoerak, ordea, berezitasun propioak ditu. Alde batetik 'jobless growth' fenomenoa bete-betean gertatzen da Afrikako herrialdeetan, produkzioaren hazkundea ez delako islatzen lanpostuen hazkunde batean. Datu demografikoei dagokienez, 2015etik 2050era bitartean 2.400 milioi biztanletan gehituko da munduko biztanleria, eta erdia baino gehiago, Afrikan gertatuko omen da. Populazio aktiboa bikoiztu edo hirukoiztu beharko litzateke aro horretan. Ndongo Sambaren ustez helburua izan behar da sortzen diren lanpostuak gero eta kalitate hobeagokoak izatea eta gizarte berma indartzen joatea.

Afrika imajinarioa

Imajinazioaren eremua uki-tzen dutenean, autoreek emoziozko Afrika birsortzen dute. Europaren izaera erakunde burokratikoarekin lotzen baldin bada eta Estatu Batuena, 'way of life' batekin, Afrikarena ordea, eremu intimoaren erantzunarekin lotzen du Nathalie Erokek. Berak Saharaz hegoaldeko bizi-esperien-tzia izendatzeko 'melancholia africana' terminoa erabiltzen du. Horrekin, afrikar esperien-tziaren hauskortasuna adierazi na hi du, afrikarraren ezaugarria izan baita erraustea eta berreraiki-tzeko beharrizana. Mendebaldean emantzat ditugun oinarrizko segurtasunak hirusta ekaitzean bezala desagertzen dira Afrikan. Diaspora errealitate saihetsezina denez gero, Nadia Yala Kisukidik 'laetitia africana' erabiltzen du diasporan garatzen diren emozionalitate positiboz betetako saiakera literarioak deskribatzeko. 'Laetitia' hitzarekin, diasporan sortzen den jarrera pozgarria azaldu nahi du Nadia Yalak. Hitz horiekin iraganarekin duten lotura gorde behar dela diosku, baina derrigorrez behin eta berriro iturburuen bila joan gabe. Nilo afrikar ibai mitikoak lurraldeak aberastu dituen moduan, kontinentea bera diasporako afrikarren barne Niloa bilakatzen da, iturrietatik harantz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos