https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

AEK-k gonbidapena luzatu du berriz ere, jendea euskaltegietara joan dadin

AEK-k gonbidapena luzatu du berriz ere, jendea euskaltegietara joan dadin
Jesús Andrade

Soziolinguistika Klusterraren arabera, euskararen kale-erabilerak behera egin du azken hamar urteetan

AMALIA IBARGUTXI

Duela pare bat urte Soziolinguistika Klusterrak egin zuen ikerketaren arabera, euskararen kale-erabilera apaldu egin da Euskal Herrian azken hamar urteetan. Lehen kale-neurketa egin zenetik (hogeita zazpi urte badira) hasieran gero eta gehiago entzuten zen kalean euskara, baina, hamar urtetik hona, euskararen kale-erabilera apaldu egin da berriz ere.

Bizkaian, 1997tik 2006ra bitarte erabilera-indizea egonkor mantendu zen, ez atzera ez aurrera, baina azken hamar urteetan behera egin du. Bilboko erabilera ere gutxitu egin da azken hamabost urteotan. Dena dela, asko dira euskaltegietara joaten direnak hizkuntza ikastera. Adibidez, AEK-ko bizkaitar euskaltegietan 24.068 matrikula egin zituzten 2016-2017 ikasturtean.

Ikasturte berrian murgildu dira jada hizkuntza eskoletako asko. AEK-ko euskaltegi guztietan matrikulazioa zabalik dago hilaren 3tik. On-line ikastaroak, autoikaskuntza, barnetegiak, mintzapraktika taldeak eta jarduerak, normalizazio-planak, itzulpen-zuzenketa zerbitzua, 'Aizu!' aldizkaria... Bueltan dira euskaltegietako zerbitzuak.

AEKren euskaltegi sarea zabala da (100 baino gehiago daude Euskal Herri osoan), baina ez da bakarra: HABEren euskaltegiak eta udal euskaltegiak ere ari dira ikasgelak zabaltzen.

AEK-k, adibidez, asteko egun guztietan goizez zein arratsaldez eskaintzen ditu klaseak, dela euskara ikasteko, dela maila hobetzeko, dela euskara erabiltzen jarraitzeko.

Azpimarratzekoa da erakunde askok, udalek, aldundiek eta mankomunitateek adibidez, diru-laguntzak ematen dituztela euskara ikasi ahal izateko. Gainera, doako eskola bat jaso nahi izatekotan, ate irekiak egingo dituzte AEKren euskaltegietan hilaren 18an. Eskola horiek A1 eta A2 mailetakoak izango dira.

Temas

Aek, Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos