Izugarri nabaritzen da lanari maitasuna jartzen zaionean. Hori izan da Zea Mays taldearen azkenengo lanaren osagai nagusia. Aiora Renteriaren bandak oso erlazio polita dauka Doctor Deseo bilbotarrekin. Harreman hau 'Abrázame' izeneko abestiarekin bistaratu zuten duela urte batzuk eta hamaika aldiz kantatu dute Aiorak berak eta Francisek eszenatoki gainean. Haien arteko konexioa oso berezia da. Duela egun gutxi batzuk, ikusi dugu berriz ere.
Publicidad
Zea Mays taldeak 'Corazón de tango' abestiaren bertsio berezi bat egin du. Zea Mays soinua dauka, baina Doctor Deseoren esentzia mantentzen du. Banda bien arteko zubia agerian da, nahiz eta kasu honetan kantaren autoreak ez egon. Bideoklipean bi gonbidatu berezi topatuko ditugu, hori bai. Carmen Machi eta Ramón Barea aktoreak dira estetika biziki zainduta dagoen istorioaren protagonistak. Guztiok buruz ezagutzen dugun letra indartzen dute.
Ezin gogoratu noiz entzun nuen abestia lehenengo aldiz. Ezta non edo norekin. Baina denboraren poderioz, lagun arteko momentu berezietan nirekin egon da 'Corazón de tango'. Doctor Deseoren ez dakit zenbat kontzertuetan, jai herrikoietan, tabernetan... beti lagunen artean. Agur esateko bikaina, baita elkar aurkitzeetan. Behin baino gehiagotan «'Corazón de tango' jarri dute eta zure alta somatu dut», idatzi dit nire lagun minak. Edo alderantziz, nik berari. Beste askotan, elkarrekin entzun dugu, noski.
Horregatik, bertsio honek ilusio handia egin dit. Gustoko ditudan bi taldeen arteko adiskidetasuna agerian uzten duelako eta nire lagunak hurbilago sentitzen ditudalako. Lan ederra egin dute Zea Mayseko kideek. Eta plazer itzela da beti Aioraren ahotsa hain indartsu entzutea. Igo bolumena.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión