https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abuztuak 18

Mari Jaia, txupinazoan./
Mari Jaia, txupinazoan.
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Edonongo jaiek norbere burua aurkezteko balio dute. Bizitzeko modu baten isla direlako. Leku jakin horretako hainbat ezaugarriren bilgune. Inoiz barrura begirakoak ziren batik bat, baina gaur egun gero eta gehiago kanpora proiektatzeko balio dute. Horregatik dira ekitaldi zerrenda soilaz aparteko; eragin sozial, ekonomiko eta kultural nabarmeneko. Areago hiriburuetan, baliabide gehiagoko horietan, jendetzak biltzen dituztenetan. Iruñea adibide paradigmatikoa da, jakina. Baina Bilboko Aste Nagusia ere itzel hazi da aspaldion, ondo sustraitutako jai-eredu propioak bultzatu, elikatu eta bikainduta.

Abuztuaren 18a noiz iritsiko zain daude bilbotar asko dagoeneko. Eta hedabideetara jotzeak irrika hori gizentzen du, ezinbestean. Halako batean pregoilariaren eta txupineraren izen-abizenak zehazten direlako —honakoan Zorion Egileor eta Saioa Domínguez izango dira, hurrenez hurren—, besteren batean musika kontzertuetako izarrak zeintzuk izango diren ezagutarazten dutelako edo-ta kartel iragarlea aukeratzen delako.

Azken honek eztabaida eragin du bazterretan. «Nola soinu halan zeinu» izenekoa da sei finalisten artean gailendu dena, Jone Etxaburu bilbotarrarena. Zeinu hizkuntza eta sukaldeko mahai-tresnak eta amantala uztartzeko ditu, aniztasunaren aldeko aldarri izan guran. Azken txanpara heldutakoen artean herritarrak dira Euskal Museora, Udalaren webgunera eta hedabide laguntzaileetara jota aukeratzen dutenak. Aurten 4.388 izan dira iritziz iritzi, %32aren babesarekin, prozesua bururaino eramateari ekin diotenak.

Badago irabazlea gustoko izan ez duenik. Aho bateko erabakiak ezinezko dira, irizpide artistiko eta estetikoak anitzak direnez gero. Bilbori dagokion maila ere ukatu diote, eta beste era bateko aukeraketa prozesua proposatu. Baina Aste Nagusia zeharo herrikoia denez, jaien irudia herritarren parte-hartzeak erabakitzea da egokiena, bitartekoak finduta ziurrenik, eta boz kopurua biderkatuta.

Bilbok oihartzun zabaleko jaiak ditu, izen onekoak, doakoak, jendea erruz biltzen dutenak. Orain arteko ereduari esker lortu da hori, hiriko eragileek eta herritarrek bat egiten dutelako, Udalak elkarlan horizontal eta anitza ahalbidetzen eta katalizatzen duelako. Ez dago hori baino bide egokiagorik.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos