https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abizena

Duela 13 urte abizenak euskalduntzea erabaki nuen...

Muxikako baserriak./Maika Salguero
Muxikako baserriak. / Maika Salguero
Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Duela 13 urte abizenak euskalduntzea erabaki nuen. Ordu arte, nortasun agirian gaztelerazko grafiarekin neuzkan, eta seme-alaba zaharrenak jaiotzear zeudenez, une egokia zela erabaki nuen. Egin beharreko tramiteak egin nituen erregistro zibilean, baina agiri berria eman zidatenean, hara non ikusten dudan nire bigarren abizena, 'Mujika', gaizki jarri dutela. 'Muxika' idatzita zegoen, eta nik, xalotasunez beteta, okerren bat zegoela adierazi nion erregistroko langileari. Hitz sakrilego batzuk entzun dituenaren harriduraz begiratu zidan bat-batean, eta ezetz esan zidan, Euskaltzaindiaren arabera 'Muxika' behar zuela, Bizkaiko herri hartatik baitzetorren abizen hura. Nik nahi bezala jarri gura banuen, Euskaltzaindiarengana jo behar nuen. Une hartan ez nuen saltsa hartan sartzeko gogorik, eta bertan behera utzi nuen.

Orain gutxi, ordea, arazotxo horrekin zerbait egin behar nuela otu zitzaidan. Azken batean, izen-abizenak normalean idazten ditudan bezala idazteko euskaldundu nuen abizena. Honenbestez, nire bigarren abizenean zuzenketa egiteko tramitea jarri nuen martxan, eta, handik gutxira, Euskaltzaindiaren erantzuna jaso nuen: ezinezkoa zela Mujika onartzea, onomastika kontuak zirela eta. Azkar eta adeitsu erantzun zidaten, baina deigarria egin zitzaidan zuzenketari ate guztiak ixtea. Egia esan, ez dut Muxika abizena duen inor ezagutzen. Ezagutzen ditudan Mujika guztiek idazten dute bere abizena J-rekin. Esaterako, 'Armiarma' webgunean abizen hori duten idazle guztiak Mujika bezala ageri dira. Bi euskaltzain urgazle ere badaude Mujika (Alfontso eta Jose Antonio), biek 'j' eta 'k' sinatzen dutenak. Are gehiago, Google bilatzailean 'Muxika' hitza sartzen baduzu, herria baino ez da agertzen gehienetan. Gainera, errusiarren nobeletan ikasi nuen 'mujik' hitzak 'nekazaria' esan nahi zuela. Gogolen 'Arima hilak'eko pertsonaia nagusiak, Pavel Ivanovitx Txitxikovek, mujiken arimak erosten zituen. 1861ean ezeztatu zuten nekazarien morrontza, eta neurri horrek oihartzun handia izan zuen garai hartako hainbat nobelatan: Puxkinenetan, Tolstoirenetan, Turgenevenetan… Urte hartatik aurrera hasi ziren jopuei 'mujik' deitzen. Hitzak, berez, 'gizona' esan nahi du, baina lurrik ez zuten nekazariei deitura hori jarri zieten. Bitxikeria bat da, baina poz txiki moduko bat ematen zidan abizenaren bidez orduko errusiarrekin nolabaiteko lotura fonetiko bat nuela pentsatzeak.

Kontuak kontu, Euskaltzaindiaren erantzunarekin diplomatikoa izaten saiatu nintzen. 'Muxika'ren aldeko argudioak eta zilegitasuna ukatu gabe, eskatzen nuena zen 'Mujika' abizena jarri nahi dugunoi hori egiteko aukera ematea. Izan ere, hizkuntza gauza bizia da, aldatuz doa, eta esango nuke Mujikak bide luzea egin duela eta oso onartua dagoela gurean. Bestalde, ez gara abizen mingarri edo zentzugabe batez ari, aski zabaldua dagoen batez baizik. Euskaltzaindikoek horren adinako malgutasuna edukiko zutela uste nuen, baina bai zera.

Beste mezu batean gomendio bat egin zidaten: nire arbasoek Muxika idazten omen zutela, eta arbasoen grafia erabil nezala. Jator-jator. Egiari zor, nire arbasoek 'Múgica' idazten zuten. Neu izan naiz, beraz, ardi beltza. Aitak, berriz, 'Gorrochategui' idazten zuen, Axularrek idatziko zukeen bezala. Izan ere, Urdazubin jaiotako idazleak 'ch'ak, 'c'ak eta 'qu'ak erabili zituen 'Guero'n. Gauzak dezente aldatu dira geroztik, eta tartean euskara batua sartu zaigu indarrean, tx- eta guzti. 'H'aren borroka ere pairatu nuen bere garaian, izena H gabe jarri zidatelako eta halaxe eutsi diodalako. Baina hori beste baterako utziko dugu.

'Mujika' espainola zela ohartarazi zidaten Euskaltzaindikoek. Eta bide bakarra utzi didate: abizena aldatzea. Baina aldatzen badut, Euskaltzaindiak ez du abizen hori euskalduntzat onartuko. Bidegurutze etsigarri horretan utzi naute orain, linbo moduko batean, ez baitut neure burua X horren pean ikusten. Ni ez bainaiz Muxika, Mujika baizik, eta hala idatzi nahi dut agiri ofizialetan nire abizena euskaraz, Euskaltzaindiaren zurruntasuna gorabehera.