https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abian da Haziak ideia gazteen lehiaketaren seigarren edizioa

IERA AGOTE

Udal gobernuak 'Haziak 2018' ideia gazteen lehiaketaren oinarriak onetsi ditu gaur; aurten sostengu teknikoa eta 22.000 euro jarriko dira hiriko gazteek gazteentzat landutako proiektuei laguntzeko.

Gasteizen erroldatutako 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie Haziak lehiaketa, bi kategoriatan banatuta: 14 urtetik 17ra eta 18 urtetik 30era.

Lehiaketaren bidez, gazteek beren aisialdia aktiboki eraiki dezaten eta hiriko gizarte eta kultura bizitzan parte har dezaten sustatu nahi da.

Sari hauen berezitasuna da berariazko sostengua ematen dela aurkeztutako ideiak gauzatu ahal izateko, esaterako, profesionalen aholkularitza, espazioak bilatzea, materialak, zabalkundea, eta beste. Horretaz gain, 18 eta 30 urte bitarteko kategoriako lehiatzaileek Gazteria Zerbitzuan egiten diren programazioetan parte hartzeko kontratuak lortu ahalko dituzte sari gisa.

Besteak beste, gai hauekin lotutako jarduerak izan daitezke, baldin eta gazteentzat eta udalerriarentzat interesgarriak badira: kultura, kirola, aisia, sormena eta berrikuntza, teknologia berriak, ingurumena, sorkuntza eta berrikuntza, komunikazioaren teknologiak, hezkuntza ez formala, aisialdi hezitzailea, elkartasuna, kulturartekotasuna, berdintasuna eta euskara.

Lehiaketaren beste berezitasunetako bat proiektuak hautatzeko prozesua da. Lehenengo, Udalak proposamenak jasotzen ditu. Ondoren, Gazteria Zerbitzuak parte-hartzaile guztiei bilera batera deitzen die, proiektua bakoitza aurkeztu, hobetzeko proposamenak egin, proiektu osagarriekin lankidetzan aritzeko aukerak aztertu eta aurreko urteetako esperientzien berri emateko; aurten maiatzaren 11n izango da. Hirugarren fasean, hautagai bakoitzari proposamena berregiteko eta lehiaketara berriro aurkezteko epea ematen zaio. Azken fasean, epaimahaiak irabazleak hautatzen ditu; maiatzaren 25ean jakinaraziko da emaitza, Udalaren web-orrian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos