https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abiadura handiari esker, Gasteiz ordu erdian egongo da Burgosekin konektatuta

Gorka Urtaranek erakundeen arteko lankidetzaren aldeko apustua berritzen du, Gasteiz lehen lerroan izan dadin abiadura handiko konexioan

SERGIO EGUÍA

Sustapen ministro Iñigo de la Sernak Burgos eta Gasteizen arteko abiadura handiko linearen informazio-azterlana aurkeztu du Burgosen, eta bertan izan da Gasteizko alkate Gorka Urtaran. Beste hauek ere izan dira aurkezpenean: Burgosko alkate Javier Lacalle, Arabako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakari Gregorio Rojo, SEA Arabako Enpresariak elkarteko lehendakari Pascal Gómez eta gobernu zentralaren ordezkariak zein Gaztela eta Leongo enpresaburuen ordezkariak ere.

Gaur jakinarazi diren xehetasunen arabera, mesetaren eta Euskadiren arteko trenbide berria 2023rako funtzionatzen hastea aurreikusi da, hots, Gasteizko hirigunearen lurpetik abiadura handia sartuko den urte berean. Espainiar estatuan abiadura handiaren trazadurari buruz hartzen diren erabakiak Europa barneko sare atlantikoa osatzeko aurrerapauso garrantzitsuak dira.

Gasteizko alkate Gorka Urtaran pozik agertu da, “erakundeen arteko lankidetzak fruituak ematen dituela egiaztatzen ari delako eta horixe delako jarraitu beharreko lan-ildoa. Proiektu estrategikoak gauzatzen batzea eta elkarri laguntzea funtsezko tresna da europar mailan puntako hirien artean egoteko”.

Proiektua laster Gasteizen aurkeztea aurreikusi da, urtarrilaren hasieran, jendaurreko erakustaldiaren aurretik.

Gorka Urtaranek azpimarratu du, halaber, “zein garrantzitsua den Gasteiz barrurantz zein kanporantz konektatuta egotea, Udalak datozen urteetarako landu duen 2025 Estrategian jasotzen den bezalaxe. Mugikortasuna gakoa da XXI. mendeko gizarteetan. Burgos eta Gasteizen arteko abiadura handiaren bidezko konexioa erraztea, penintsularen gainerako zatiarekin konektatzeko lehen urratsa baita, faktore gakoa da gure garapenerako. Ziur nago abiadura handiaren etorrera onuragarria izango dela gure gizarteko sektore guztientzat”.

Gaur goizean aurkeztu den informazio-azterlanaren arabera, abiadura handiko konexioa gauzatzeko aurrekontua 1.185 eta 1.202 milioi eurokoa (+BEZ) izango da; kopuru horiek hasieran aipatutakoak baino nabarmen txikiagoak dira.

Abiadura handiari esker, Gasteiz ordu erdian (30 minutu) egongo da Burgosekin konektatuta, eta Madrilekin, bi ordu pasatxotan (2 ordu eta 5 minutu). Izan ere, trenek orduko 350 kilometroko gehienezko abiadura hartzea aurreikusi da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos