https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abenduaren 17an egingo da maratoi erdiaren 40. edizioa

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Maratoi Erdiak 40. edizioa beteko du abenduaren 17an; ohi bezala, Arabako Atletismo Federazioak antolatuko du, Gasteizko Udalaren laguntza eta babesarekin.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Arabako Atletismo Federazioko lehendakari Andrés Sánchez Sánchezek eta Federazioko arduradun tekniko Mikel García Zurbanok aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Haiekin batera izan da Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Euskadiko Kutxako arduraduna, babeslea baita.

Ibilbidea iazko bera izango da, Espainiako Federazioak dagoneko homologatu baitu: irteera A-3102 errepidean izango da, Lasarteko ateko zuzenean, eta helmuga, Mendizorrotzeko aparkalekuko zuzenean. Mendizorrotzeko kiroldegian egingo zaie harrera lasterkariei.

Txikien lasterketa solidarioa izango da, eta inskripzioen zati bat Aloban (emakume adoretsuak) elkarteari emango zaio.

Federatuen lasterketa eta lasterketa herrikoia 10:30ean hasiko dira, Lasarteko atetik; umeen lasterketa, berriz, Mendizorrotzeko kirol esparruko atletismo-pistatik, 10:45ean.

Ekintza berezi bat egingo da probaren 40. urteurrena ospatzeko, eta hil diren atletak omenduko dituzte, Roberto Ruiz, Alberto Zerain eta Clemen Barrio bereziki gogoratuz.

Bestalde, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek Mugarik gabeko Bihotza elkarteak urtero ematen dituen sarietako bat jaso du; beren lanarekin gaitz kardiobaskularren prebentzioan laguntzen duten gizarte zein osasun alorretako pertsona, antolakunde eta erakundeak saritzea da asmoa.

López de Munainek “Gasteiz bihotzean” saria jaso du, “haren ibilbide pertsonal eta profesionalean Gasteiz bihotzean daramala erakutsi duelako”.

Europa biltzar jauregian egin da ekitaldia, eta bertan izan dira beste sarituak zein Gasteiz eta Arabako gizarte, politika, kultura, kirol eta enpresa alorretarako ordezkari ugari.