https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abeltzaintza estentsiboa babesteko diru-laguntzak

Datorren ekainaren 27ra arte eskatu ahalko dute Aldundiaren laguntza ardien ustiategi estentsiboek eta ingurumen intereseko habitatak kontserbatzen laguntzen duten partikularrek

AMALIA IBARGUTXI

Ingurumenaren zaintza Greenpeace-ren bazkide izatetik harago doa, eta birziklatzea baino neurri gehiago hartzea dakar berekin. Paisaiaz hitz egitean ez gara argazki batez ari. Paisaia bizirik dago eta literaturan edo zineman irudikatzen diren larre, mendi eta belardien edertasunaz gain, ekosistema eta espezie autoktonoen kontserbazioak abere eta abeltzainak behar ditu. Horregatik, bigarren urtez, Arabako Aldundiak ingurumen zerbitzuengatik ordainketak egiteko deialdia ireki du. Datorren ekainaren 27ra arte eskatu ahalko dute ingurumen intereseko habitatak kontserbatzen laguntzen duten abeltzain eta partikularrek.

Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren 55.000 euroko aurrekontutik 45.000 bideratuko dituzte otsoak dabiltzan eremuetan ardien abeltzaintza estentsiboa egiten duten ustiategiak laguntzera, baldin eta ganaduak urtean gutxienez hiru hilabetez mendian bazkatzen badu. Gainerako aurrekontua mehatxatutako flora eta fauna espezieen kontserbaziora bideratuko dute.

Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak azaldu duenez, «bidezkoa da abeltzainei ordaina ematea, inguruneari eta larretarako intereseko habitatei egiten dieten ekarpenagatik».

Natura 2000 Sarea eta abeltzaintza estentsiboaren arteko lotura ere azpimarratu du, izan ere, «larreak Sarearen parte dira, eta horien kontserbaziorako beharrezkoa da abeltzaintza estentsiboa». Horregatik, «ingurumen zerbitzuengatik egiten diren ordainketen zati handi bat bideratzen da, hain zuzen ere, artzainek Arabako mendebaldeko mendilerroetan egiten duten lanaren zati bat ordaintzeko; izan ere, gainkostua dakarkie ganadua zaindu beharrak eta prebentzio lanak, otsoaren eremuan daudelako».

Laguntzak partikularrei

Laguntza hauek eskatzeko zein baldintza bete behar dira, baina? Ganaduzale ez den jendeak ere badauka laguntza eskatzea, baldin flora edo fauna babesten duen jendea bada. Iazko laguntza-banaketan onartuak izan ziren, adibidez, Karankako familia bat (Gaubea), baserrian ferradun saguzar handien kolonia bat baitago (Rhinolophus ferrumequinum); edo Fontechako bizilagun bat, Aldundiko teknikariei uzten dielako desagertzeko arriskuan dagoen flora espezie baten aleak (Haplophyllum linifolium) babestu eta areagotzen.

Iazko ordainketa horien zerrendan toki erakunde batzuk ere sartu ziren, hala nola Lezama, Erroitegi eta Larrinbe, beren hezeguneak mantentzeagatik, toki horiek espezie babestuen etxeak baitira; hau da, baso igel jauzkariaren, uhandre marmolairearen edo zuhaitz igel arruntaren bizileku.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos