Abadiñon jokatuko da igandean finalaurrekoen bigarren saioa
Irabazlea zuzenean pasatuko da Bermeon ospatuko den finalaurrekoen bigarren bueltara, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera
Datorren igandean, azaroaren 2an, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatuko da Abadiñoko Probalekuan, 17.00etan hasita. Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, sei bertsolari arituko dira: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Enare Muniategi Etxabe, Gorka Pagonabarraga Agorria, Maite Sarasola Isazelaia, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor. Irabazlea zuzenean pasatuko da Bermeon ospatuko den finalaurrekoen bigarren bueltara, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera.
Publicidad
Saioan gai jartzaile lanetan Igor Menika Bengoetxea arituko da, eta epaile, ostera, Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Marta Ortiz Mateo eta Miriam Juaristi Urizar izango dira. Idazkari lanetan Itxaro Juaristi Olaetxea egongo da.
Igandeko saiorako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian, eta igandean bertan geratuko balira Probalekuko txarteldegian salduko dira, 16.30etik aurrera.
Aurreko igandean jokatutako lehenengo finalaurrekoa Aitor Bizkarrak irabazi zuen Zeanurin. Abadiñarra zuzenean sailkatu zen horrela Bermeon ospatuko den bigarren bueltara, Ibarreta frontoian jokatu zen saioan nagusitu ondoren. Sarrera guztiak agortuta, 525 bertsozale elkartu ziren, eta sei bertsolari hauek aritu ziren kantuan, ordena honetan geratu zirenak puntuazioen arabera: Aitor Bizkarra Ruiz, 649,5; Jone Uria Albizuri, 649; Oihana Bartra Arenas, 629,5; Imanol Uria Albizuri, 615; Aissa Intxausti Aburruza, 594, eta Bittor Altube Sarrionandia, 547.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión