https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

713.000 euro aurten enplegurako prestakuntzako ikastaroetara

Langabetuen lanbide birziklapena eta laneratzea errazteko

I.AGOTE

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak 713.000 euro erabiliko ditu aurten enpresek eskatzen dituzten gaiei buruzko prestakuntza ikastaroak finantzatzeko. Ikastaroak biztanleria aktiboarentzat eta, bereziki, langabetuentzat izango dira. Izan ere, langabetuen lanbide birziklatzea eta laneratzea erraztea da ikastaro horien helburua.

Arabako Foru Gobernuak, gaur, enplegurako prestakuntza ikastaroak antolatzeko dirulaguntzen urteko deialdia onartu du. Dirulaguntzen onuradunak lanbide heziketako zentroak, fakultate eta unibertsitate eskolak eta fundazio/elkarteak izango dira, eta aurten, 713.000euroko aurrekontua egongo da, hots, 2017ko deialdiak izan zuena baino % 32,5 handiagoa.

2017ko deialdiari esker 79 ikastaro antolatu eta 875 plaza eskaini ziren, eta aurrekontu gehikuntzak aukera emango du eskaintza zabaltzeko.

Arabako enpresek beren langile beharrak bete ahal izateko eskatzen dituzten lanbide arloei buruzkoak izango dira ikastaroak, eta, hain zuzen, deialdian lehentasuna emango zaie espezifikoki, beren ikastaroek betekizun hori betetzen dutela idatziz ziurtatzen duten zentroei. Oinarrietan jasotakoaren arabera, balio handiagoa emango zaie Arabako ekoizpen sektorearekin zerikusia duten eta arlo hauei loturiko prestakuntza sustatzen duten gaiei: industria sektorea (ekoizpena, muntaketa, logistika eta abar), energia eraginkortasuna eta ingurumena.

Arabako Foru Aldundiak ahalegina egin du prestakuntza eskaintza hori Gasteiztik kanpo eramateko, iritzita prestakuntza arautuaren eta ez arautuaren eskaintza Arabako hiriburuan biltzen dela eta prestakuntza lurraldeko gainerako herri eta eskualdeetara ere eraman beharra dagoela.

Xede hori betetzeko, aurrekontuaren erdia (356.000 euro) lanbide prestakuntzako ikastaroak Gasteiztik kanpo antolatzeko gorde da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos