https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

6.000 metroren gainetik euskaraz

Felipe Uriarte izango dute espedizio-buru./Lobo Altuna
Felipe Uriarte izango dute espedizio-buru. / Lobo Altuna

'Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai' lelopean, euskararen erabilera eta mendizaletasuna uztartzeko espedizioa prestatu dute Himalaiara

AMALIA IBARGUTXI

Beste behin, euskara Himalaiara eramango dute mendizale euskaldunek. Everest ingurura bidaia ari dira prestatzen Euskal Herriko 15 gazte, 10 sherpaeta Felipe Uriarte mendi gidaria. 'Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai' lelopean, euskararen erabilera eta mendizaletasuna uztartzea, herrien arteko elkartasuna bultzatzea eta hizkuntza gutxituei babesa ematea, helburu duen bidaiari ekingo diote urriaren 10ean. Bidaiari ekin aurretik, dirua biltzeko kontzertua egingo dute Oñatin (Gipuzkoa) irailaren 16an, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Oñatiko Udalak jakinarazi dutenez.

Nepalen, Everest inguruan, trekking egiteko proiektua Laudion sortu zuen Felipe Uriartek, mendia eta euskara lotzeko xedearekin, baina pixkanaka egitasmoa hazi egin da, eta azkenean Nepalera iristea lortu du, Euskal Herri osoko mendigoizale, ikastetxe, udal, eskualdetako zenbait eragile eta enpresen partaidetzari esker. Era berean, Euskal Herriko erakundeen babesa izan du proiektuak, alegia, hiru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Iparraldeko Elkargoa eta Akitaina, Euskadi eta Nafarroak osatzen duten Euroeskualdearena.

Espedizioan abiatu baino lehen, bi hizkuntzen arteko zubiak eraikitzeko asmoz, euskara-xerpa-ingelesa hiztegia sortuko dute. Gainera, ETBk bi saio emitituko ditu, Himalaiatik ekarritako bideo irudiak baliatuta. Espedizio taldea azpitaldetan antolatuko da finantzaketa, material pertsonala, argazkigintza eta bideo lanketa, komunikazioa eta beste zenbait alorretako lanak egiteko.

Elkarbizitza helburu

Irailaren 16ko kontzertua Oñatiko San Miguel parrokian izango da, 19.00etan hasita. Et Incarnatus orkestra, Oñatiko Ganbara Abesbatza eta abeslari ezagunen partaidetza iragarri dute antolatzaileek, hala nola Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Naia Robles eta Petti eta Maider bertan izango dira, eta Pello Zabala, aldiz, aurkezle lanetan ariko da.

Felipe Uriarte mendigoizaleak azaldu duenez, kontzertuak «hainbat helburu» izango ditu. Lehenik, balioko du Himalaiara joango diren espediziokideei agur esateko. Bigarrenik, «emanaldia eskerrak emateko baliatu nahi dugu, egitasmo hau egia bihurtzen lagundu diguten hainbat erakunde, enpresa eta pertsonei. Hirugarrenik, kultur ekimen bat eskaini nahi diogu herriari. Laugarrenik, kontzertuak ere balioko du espediziorako azken aurrekontua osatzeko».

Azkenik, Uriartek esan du kontzertuaren bidez, «zenbait balore» plazaratu nahi dituztela: «Euskararen erabilera sustatzea, baita beste hizkuntza gutxituak ere -xerpa hizkuntza tartean-, mendizaletasuna, musika, elkarlana, elkarbizitza, eta elkarrekintza», hain zuzen

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos