https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

51.000 lan jaso dira Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketan

51.000 lan jaso dira Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketan
IGOR AIZPURU

Martxan da hamaikagarren edizioa, ume eta gazteek apirilaren 12ra arteko epea dute lanak bidaltzeko

AMALIA IBARGUTXI

Martxan da hamaikagarren Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa. Parte hartze handiko sariketa izan da orain arte –hamar urteotan 51.000 lan jaso dituzte– eta aurten ere hala izatea espero dute. Helburua da haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea, eta horretarako hiru modalitate antolatu dira, parte-hartzaileen adinaren arabera.

Jon Martinek idatzitako 'Lepaluzearen bihotza' ipuina marrazkiz ilustratu, hau da haur txikiek egin beharreko lana. Lehen Hezkuntzako azken urteetakoek eta DBH 1 eta 2koek, berriz, Alex Macho bilbotarrak egindako marrazki batean oinarritutako ipuina idatzi beharko dute. Eta DBH 3 eta 4koek, berriz, emakumeek historian zehar kulturan izan duten garrantziari buruzko komikia –edo bineta– aurkeztu beharko dute A4 tamainako orrialde bakar batean. Apirilaren 12ra arteko epea izango dute lanak bidaltzeko.

Jolas hezitzaileak banatuko dira irabazleen artean, eta ikastetxeek ere izango dute saria: Basque Culinary Centerrera bisita gidatua edota Irrien Lagunen Klubak emandako saria.

Esan bezala, 51.000 lan jaso dira hamar urteotan zehar: 43 ilustraziotik gora, 7.000 ipuin baino gehiago eta 172 komiki eta bineta.

Alex Macho bilbotarrak egin du aurtengo kartela eta marrazkilari honena da lehiaketako ilustrazioa ere. Bertan, bizkarrean maleta daraman gizon bat ikusten da, herri txiro batetik irteten. Eszena horri buruzko ipuina idatzi beharko dute neska-mutikoek.

Ilustrazioa egin beharreko ipuina, berriz, Jon Martin idazle eta bertsolari oiartzuarrak idatzi du. «Beti izan naiz animalien zalea eta atentzioa eman izan dit lepaluzeak –jirafak–, oso bihotz berezia daukalako, indartsua, odola oso gora ponpatu behar duelako. Ipuinaren muina enpatia da. Protagonistak, aztiaren hezur baten bidez, superbotereak lortzen ditu eta besteek sentitzen dutena ikusi eta sentitzeko ahalmena du», adierazi du.

 

Fotos

Vídeos