Harriet argitaletxea
«2019ko Durangoko Azokan euskarazko mangak eskatzen zizkiguten»«Gure helburuetako bat Euskal Herrian ditugun autore handiak sustatzea da eta, bestea, Europan sortutako kalitatezko lanak euskaraz ezagutaraztea», adierazi dute
Sábado, 21 de junio 2025
Gregorio Muro Harriet sortzailearen lanak ia sei hamarkada egin ditu komikiei loturik. Horregatik, duela 10 urte, bere omenez Harriet argitaletxeari ekin zioten haren gertukoek eta ordutik, haren lanak berreskuratzeaz gain, euskarazko panoramako sortzaile onei bidea egitea eta euskaraz, nazioarteko komikigintza sustatzea izan da haien helburua. Gaur, gure komikigintzaren baitan atal berezia merezi du Harrietek, euskarazko manga komikien apustu nagusia izan baita.
- Ia 10 urte dira zuen ibilbidea hasi zela. Nola baloratuko zenukete?
- Badirudi atzo izan zela... bidea ez da erraza izan, baina pixkanaka merkatuan lekua egiten joan gara. Gregorioren (Gregorio Muro Harriet) 80ko eta 90eko hamarkadetako lan ikonikoak berreskuratu eta berrargitaratzeko asmoarekin hasi ginen (eskubideak berreskuratuz eta edizio integral zainduak eginez), hala nola Sorgin seinalea, Justin Hiriart, Jon eta Mirka, Iker eta Ixone... eta gaur egun sortzen ari den istorio berriak editatzeko, hala nola Lotsa eta Ahaztea, Mugako dragoiak, Anker, Azote... Baina berehala konturatu ginen Europako merkatuan bazirela Euskal Herrian ezagutzera ematea merezi zuten obra eta egile handiak. Ezin genuen aukera pasatzen utzi. Eta urte hauetan zehar ia 140 liburu argitaratu ditugu, 50 baino gehiago gaztelaniaz eta ia 90 euskaraz. Edozein argitaletxerentzat agian ez dira zifra handiak, baina komikiaz ari gara, eta euskarazko komikiaz...
- Uste duzue darabilzuen genero bereziak zerikusia duela sistema literarioan eragile bakanetakoak izatearekin?
- Ez dugu ahaztu behar komikia «bederatzigarren artea» deritzona dela, eta, arte gisa, estimatua, ezaguna eta aitortua izan behar duela. Komikiaren inguruan ezjakintasun handia dagoela uste dugu; askok komikia haurrekin lotzen dute, Mortadelo eta Filemon, Asterix, Tintin eta Marvelen superheroiekin... baina publiko, adin eta gustu guztientzako komikiak daude. Eta Euskal Herrian baditugu lehen mailako sortzaileak, batzuetan publiko zabalak ezagutzen ez dituenak. Gure lanak generoa eta egileak aldarrikatzen dituela pentsatzea gustatzen zaigu.
- Baina hala ere lortu duzue zuen lekua egitea: Manga eta Frantziako komikigintza euskaratzen egindako lanean arreta berezia jartzen duzue…
- Uste dugu leku berezia irabazi dugula euskal argitaletxeen merkatuan. Ez gara komikigintzan aritzen den argitaletxe bakarra, baina bai titulu gehienak (batzuk euskaraz soilik ateratzen baititugu) aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen dituen bakarra. Horrela, gure irakurleen hizkuntza eskubideak eta aukeratze askatasuna bermatzen ditugu.
Gure helburuetako bat Euskal Herrian ditugun autore handiak sustatzea da eta, beste bat, Europan sortutako kalitatezko lanak ezagutaraztea, euskarara itzuliz. Mangaren kasuan, lanak japonieratik zuzenean euskaratzen ditugu, istorio onak ekartzen saiatzen gara, gai askotakoak eta, ahal dela, gaztelaniara itzuli ez direnak.
- Hizkuntza txiki bat, genero txiki batean…
- Literatura eta artea batzen dituen sorkuntza modu bat da, genero guztiak jorratzen dituena: drama, pedagogia eta kritika soziala, umorea, historia, abentura edo zientzia fikzioa. Dena sartzen da binetetan... nahiz eta oraindik pedagogia pixka bat egin behar den horren inguruan, estereotipoekin eta aurreiritziekin amaitzeko.
- Euskarazko gazteentzako manga estiloak gora egin du?
- 2019ko Durangoko Azokan eta urte bereko beste azoka batzuetan ere, haur edo nerabeek eta haien gurasoek euskarazko mangarik ba ote zegoen galdetzen ziguten. Une hartan ezin zen mangarik irakurri gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez ez bazen. Eta, bitxia bada ere, mundu osoan modu esponentzialean hazten ari den generoa dela ohartu ginen. Halaxe da: gure gazte askok manga irakurtzen dute ia esklusiboki. Beraz, hutsune editorial bat sumatu genuen, anomalia kultural bat. EITBren lehen garaietatik bertatik egin zen Dragoi Bola bezalako japoniar animeko telesailen itzulpenaren aldeko apustu arrakastatsua. Zergatik ez zuen inork lehenago manga euskarara ekarri?
- Eta nola egiten duzue zuek prozesua?
- Pandemiaren garai gorabeheratsuetan, gai honi heldu genion eta manga euskarara itzultzeko ahaleginetan hasi ginen. Eta zaila izan den arren (batzuetan oso zaila), elkarrekiko errespetuan oinarritutako merkataritza- eta komunikazio- harremana ezartzea lortu dugu Japoniako hainbat eragile eta argitaletxerekin; baina horrelakorik ez zen posible izango Iker Alvarez Tokyon bizi den gure itzultzailearen laguntza eskergarik gabe. Bere lan bikaina eta generoarekiko zaletasuna, gure maketazio arretatsuarekin batera dira Harrieten KABE zigiluaren ezaugarri bereizgarriak.
- Zein da zuen ibilbidean izan duzuen lanik gaitzena? Baduzue arantzatxorik ibilbide honetan egindakoaz edo egin gabekoaz?
- Bi gai daude bereziki zailak direnak, biak manga kontuekin lotuak: alde batetik, istorioak aukeratzea, hainbeste tituluren artean, oso zaila da. Kalitatezko istorioak hautatzea, gai anitzetakoak, publiko ezberdinentzat, ahal dela neska egile gazteenak... aldagai asko daude jokoan. Eta, bestetik, japoniarren mesfidantza gainditzea. Eta hori lortzen dugu (edo horretan saiatzen gara) etengabe erakutsiz gai garela modu serio, arduratsu eta zainduan lan egiteko, argitaletxe oso txikia izan arren eta haientzat ezezaguna den hizkuntza batean lan egiten dugun arren.
Gustatuko litzaiguke, halaber, pertsona askok komikiarekiko, oro har, eta mangarekiko, bereziki, dituzten aurreiritziak apurtzea. Zoragarria litzateke ikastetxeak komikien potentzial pedagogiko izugarriaz erabat jabetzea; liburutegietan, badakite. Eta, zergatik ez, adineko pertsonei ere bederatzigarren artearen baliabide literarioz eta artistikoez baliatzeko aukera eman?
- Eta etorkizunera begira?
- Ez dakigu zenbat denboraz eutsi ahal izango diogun argitaletxeari, etekinak nahiko urriak direlako, baina, 'ñoño' samarra dirudien arren, haurren berotasunak, irribarreek eta gure bezeroen esker oneko hitzek ondo balio dute ahalegina.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.