https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

2018ko Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integralak hiru edizio izango ditu, eta enpresak sortzeari buruzko prestakuntza gehiago

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udalak urtarrilaren 31ra arteko epea ireki du Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integralean izena emateko; 2018an hiru edizio egingo dira, aurekoetan baino bat gehiago. Lehena otsailaren 5ean hasiko da, bigarrena martxotik maiatzera bitartean egingo da, eta hirugarrena, maiatza eta ekainean. Gainera, planaren edukiak egokitu dira: batetik, indartu egin da enpresak sortzeari buruzko ikastaroa; bestetik, prestakuntza lantegiak negozio-ideia bat abian jarri nahi duten pertsonen oraingo profilaren arabera moldatu dira.

Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integrala enpresak sortzeari buruzko ikastaro trinkoarekin hasiko da; 20 orduko hastapen-modulua da, beren kabuz lan egiteko aukera lehen aldiz aztertzen ari diren pertsonentzat. Ondoren, lau lantegi monografiko egingo dira, ekiteko proiektu aurreratua duten pertsonentzat edo enpresen sorkuntzan eta kudeaketan ezagutzak eta esperientzia dutenentzat.

Jarrera ekintzailea, negozioaren bideragarritasuna, bezeroen bilaketa eta proiektuaren aurkezpen eraginkorra landuko dira. Lantegien helburua da parte hartzaileek enpresa-proiektua abian jartzeko garaian beren gaitasunak eta motibazioa ebaluatzea, eta sartu aurretik elkarrizketa egin beharko dute.

Prestakuntza multzoa amaitu ondoren, Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integralak aholkularitza pertsonalizatuko 10 ordu eskaintzen ditu, enpresaren plazaratzea lantzeko. Besteak beste, zein den forma juridiko egokiena enpresa bakoitzarentzat eta finantzaketa eta diru-laguntzak lortzeko zein aukera dagoen azalduko da.

Enpresa ekimen bat duten pertsonei laguntzeko planaren osagarri dira ekintzaileentzako bekak, 1.000 eta 2.500 euro arteko laguntza ekonomikoak, negozio martxan jartzen den bitartean. Laguntza horiek epe eta eskabide-prozedura propioak dituzte.

“Enpresa jarduera bati ekitea erabaki duten pertsonei laguntzeko dugun estrategia ekintzailetzarekin lotutako ekosistema osoa sortzean datza: oinarrizko eta espezializatuko prestakuntza eskaintzen dugu, aholkularitza, laguntza ekonomikoak, jarduera hasteko espazioak, lankidetza sareak, informazioa eta zabalkundea… Etengabe eguneratzen diren tresna multzoa, planteatzen dizkiguten beharrei eta zalantzei ahalik eta eraginkortasun handienaz erantzuteko”, azaldu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Planaren barruko jarduera guztiak doakoak dira, eta Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan egingo dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos