https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

1936an ikusi eta sekula ahaztu ez

1936an ikusi eta sekula ahaztu ez
Igor Aizpuru

Garaian sei urte zituen bizilagun baten testigantzari esker, beste gorpu bat atera dute 1936ko kolpe militarreko hobi batetik

AMALIA IBARGUTXI

Garaian sei urte zituen bizilagun baten testigantzari esker, Lizarrustin (Nafarroa) beste gorpu bat atera dute 1936ko kolpe militarreko hobi batetik. Azkenaldian ugaritu egin dira testigantzei esker aurkitutako hobiak.

Aranzadi Zientzia Elkarteko lantalde batek egin du aurkikuntza, Foru Gobernuarekin duen elkarlanerako akordio bati jarraiki, eta jakinarazi dutenaren arabera, 1936ko kolpe militarreko biktima bat izango litzateke gorpuzkia, nahiz eta hezurren ikerketa egin beharra dagoen oraindik.

Francisco Lacunza du izena lekukoak, 1936an sei urte zituela gorpua nola hara arrastaka eraman zuten ikusi zuen pertsonak. Hobia Lizarrustiko mendatean dago, Aralarko ertz batean. Lurpetik ateratako gorpua, bestalde, Olaberriako bizilagun batena dela uste dute, familiak denbora askoan bilatu duena. 1936ko abuztuaren 22an fusilatu zuten, 17 urte zituela. Gorpuzkiarekin batera topatu dituzte apreta txuri batzuk eta bala-zorroak.

Orain arte, 75 gorpu atera dituzte lurpetik Aranzadiko lantaldeek. Horietako ugari, bizilagunen oroitzapenei esker. Horietako 21 gorpu, gainera, identifikatu eta beraien familiek jaso ahal izan dituzte.

Erakunde eta bizilagunen laguntzak ahalbidetu ditu aurkikuntzak, Foru Gobernuak jakinarazi duenez. Adibidez, pasa den abuztuaren 16an, Cabredon ere jardun ziren azterketa lanetan, tokiko bizilagunen eta udalaren elkarlanari esker, eta «beste indusketa lanetatik eratorritako zailtasunak direla eta», gorpurik aurkitu ez bazuten ere, Nafarroako Gobernuak nabarmendu nahi izan zuen «eskaini dituzten bizilagun horien testigantzen garrantzia» Nafarroako hobiak aurkitu eta bertan lurperatutako kolpe militarreko biktimei eta euren familiei dagozkien egia argitara emateko.

Abuztuaren 21ean, bestalde, bi gorpu atera zituzten lurpetik, Artaizko hobi batetik. Aranzadiko lantalde batek jakinarazi zuenaren arabera, 1936ko kolpe militarreko bi biktimen gorpuzkiak ziren, eta Untzitiko Udalak hilketen garaian sortu zuen dokumentu batek adierazten duenez, Erriberako bi jornalari izango lirateke, eta horietako bat, gainera, oso gaztea, 18 urte inguruko mutila, hain zuzen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos