https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Napoleonen armadak Nafarroa iparraldean eta Lapurdin egindako suntsipena ekarri dute gogora Saran

Napoleonen armadak Nafarroa iparraldean eta Lapurdin egindako suntsipena ekarri dute gogora Saran

Gertatutakoa omentzeko oroitarri bat ezarri dute Sarako Su-Harriaga lorategian

UNAI SARRIUGARTE

Pasa den astelehenean Saran euskal historiaren pasarte bat ekarri zen gogora. 1813-1814 urteetan Napoleonen armadak Nafarroa iparraldean eta Lapurdin egindako suntsipena hain zuzen ere. Sarako Su-Harriaga lorategian ospatutako ekimenean politikak eta kulturak historiarekin bat egin zuten. Bertan Lapurdi 1609 elkarteak memoria historikoaren berreskurapenean egindako lana gogora ekartzeko oroitarri bat inauguratu zuten.

Pasa den astelehenean, apirilak 22, ospatutako ekimenean hainbat alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren. Besteak beste, Sarako Battitta Laborde, Jean-Rene Etchegaray Baionako alkatea eta Euskal Elkargoko presidentea, Hiriburuko Alain Iriart, Lekorneko Lucien Betveder eta Mugerreko Roland Irigoyen eta Josu Iratzoki Berako alkatea bertan egon ziren.

Ekimenean Lapurdi 1609 euskal kultur erakundeko kide den Mixel Mendibourek oroitarri berriak zabaldu nahi duen mezuaren berri eman zuen. Mendibourek ekimen hau historia frantsesaren euskal ikuspegia emateko ekimena dela azaldu zuen. Euskal kazetariak «1813-1814 Euskal Herria Napoleonen tropengatik suntsitua» izeneko liburua plazaratu zuen.

Mendibourek 1813-1814 urteetan Napoleonen armadak Lapurdin egindako suntsipena gogora ekarri zuen. Napoleon Bonaparteren armadak erabat birrindu zituen Nafarroa iparraldeko eta Lapurdiko hegoaldeko herriak. Gerra honek bortxaketak, gosea, miseria eta milaka hildako ekarri zituen. Saran ezarritako oroitarriak historiako pasarte honen berri ematen du. Eskulturaren aldamenean dagoen idazkuna euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez idatzia dago.

Ekitaldiari Elisabet Anduezak, Lapurdi 1609 elkarteko kideak, eman zion hasiera. Aurkezpenaren ondoren zenbait historialari, politikari, artista eta bertsolariren txanda izan zen. Anje Duhalderen kantuek girotu zuten ekitaldia, eta bertsolarien aldetik Amaia Aireren eta Amets Arzallusen bertsoek hunkituta utzi zuten Sararaino hurbildu zen jendetza. Ekitaldia agurtzeko, Zazpiak Bat dantza taldeko bi neskek aurreskua dantzatu zuten.

Sarako Herriko Etxearen kargu egon dira oroitarriaren gastu ekonomikoak. Patxi Laborde Sarako Herriko Etxearen bozeramaileak historiaren erdia bakarrik ezagutzera eman dela helarazi zuen. Eta elkarte honek lehen urratsak eman dituela egia ezagutzera emanez. Laborde eta Iñaki Iriarte eskultoreak izan ziren oroitarria ezagutzera eman zuten ordezkariak.

Temas

Euskera