https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

15.000 ikaslek genero indarkeria eta berdintasuna landu dituzte eskolan

15.000 ikaslek genero indarkeria eta berdintasuna landu dituzte eskolan
BORJA AGUDO

Emakuderen programa hamabost urte bete ditu euskal eskoletan gai hauek lantzen

AMALIA IBARGUTXI

Hamabost urte bete ditu euskal eskoletan genero indarkeria landu eta berdintasuna bultzatzeko Emakundek abian jarritako programak, eta denbora honetan 15.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute. Orain arte burututako lana ebaluatzeko elkartu dira Emakunderen 'Nahiko' Hezkidetza Programaren V Jardunaldi Orokorrean, Bilbon.

Nahiko programan parte hartu duten irakasleei eskerrak eman dizkie Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak euren inplikazioagatik, eta baita ikasleei eta haien gurasoei ere.

«Urte hauetako esperientziak eta egindako ebaluazioen emaitzek argi eta garbi erakusten digute hezkidetzan oinarritutako programa honetatik igaro diren ikasleen artean hobekuntzak eman direla bai haien harremanetan, berdintasunean, elkarren arteko errespetuan. Hezkidetza tresna ezin hobea da gure ustez gazte-gaztetatik emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta berdintasunean oinarritutako jarrerak sustatzeko», adierazi du Landaidak.

Ostegun honetako jardunaldian psikomotrizitatea eta komunikabideak izan dituzte ardatz parte-hartzaileek. Emozioak berdintasunaren ikuspegitik lantzeko psikomotrizitateak ematen dituen aukerak izan ditu hizpide Mapi Urresti psikologo, sexologo eta psikomotrizistak, eta eskoletan egiten den komunikabideen erabileraz hitz egin du Andrea Momotio San Martin kazetariak, hezkidetzaren ikuspuntutik.

Programaren jardunaldiotan, aurreko hiruhilekoko unitate didaktikoarekin izandako esperientzia partekatzen dute, eta erabilitako estrategia eta baliabideak ere bai. Lorpenen eta aurkitutako zailtasunen berri ematen dute, eta hiruhilekoko unitate didaktiko berriaren helburuak, edukiak eta materiala aurkezten dira eta haren erabilerari buruzko gogoeta egiten da.

 

Fotos

Vídeos