https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

14.500 gazte hautatu dituzte DiscoverEU bidaia-bonua jasotzeko

14.500 gazte hautatu dituzte DiscoverEU bidaia-bonua jasotzeko
EL CORREO

Europa bidaia pertsonalaren bidez ezagutzeko 80.000 hautagaietatik, 14.500 gazte baino gehiago hautatu dituzte bidaia-bonua jasotzeko. Bruselatik jarriko dira harremanetan gazte horiekin: apirilaren 15aren eta urriaren 31ren artean, 30 egunez bidaiatuko dira

AMALIA IBARGUTXI

Iaz sortu zuten Europan zehar bidaiatzeko DiscoverEU bonua. 18 urteko gazteentzako pentsatuta dago, Europan zehar bidaiatu eta lurraldea ezagutu ahal izateko. Bi astean, ia 80.000 hautagaik agertu dute hura lortzeko interesa, Europar Batasuneko estatu eta herrialde kide guztietakoek.

Ia 80.000 hautagai horietatik, 14.500 gazte baino gehiago hautatu dituzte bidaia-bonua jasotzeko, eta parte-hartzaileak, apirilaren 15aren eta urriaren 31ren artean, 30 egunez bidaiatuko dira.

«Ekimen horri esker, 30.000 gazte ingururi eman diegu aukera, orain arte –azaldu du Tibor Navracsics Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirol komisarioak-, Europako kulturak eta ohiturak ezagutzeko eta beste bidaiari batzuekin eta bisitatzen dituzten erkidegoekin harremanetan egoteko. Pozgarria da ikustea Europa nola ezagutzen duten bidaia pertsonalaren bidez». Halaber, Europako gazteak saretzeko tresna gisa ere aurkeztu du ekimena.

Bruselatik jarriko dira harremanetan gazteekin, beren bidaiak erreserbatu ahal izateko. Bakarka edo, gehienez, bosteko taldeetan bidaiatuko dira gazteok. Gehienak trenez bidaiatuko dira, baina beste garraiobide batzuk ere erabili ahalko dituzte, salbuespen modura.

Besteak beste, museoetarako edo intereseko kultura-lekuetarako sarreren inguruko deskontuen berri emango diete bidaiari ekin aurretik, baita ikaskuntza-jardueretarako partaidetzaren edo bisitatzen dituzten hirietako biztanleek antolatutako ongi etorrirako ekitaldien berri ere.

Europako ondarea eta kultura-aniztasuna ezagutarazteko ekimen honek, «beste gazte batzuekin harremanetan jartzeko eta beren identitate europarra miatzeko» aukera nahi du izan, antolatzaileek adierazi dutenez.

Batzordeak aurreikusi du hautagaien hurrengo txanda 2019ko udan abiaraztea. Europako Gazteriaren Atarian data zehatzak eta informazio osagarria argitaratuko dira.