Eibartarrek doan izango dute UEUren ikastaro eskaintza zabala

Markeskuan 22 gai jorratuko dira ekainak 26 eta uztailak 13 bitartean

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.
Esther Kareaga, Karmele Artetxe eta Irati Iciar aurkezpenean. ::
                         MORQUECHO/
Esther Kareaga, Karmele Artetxe eta Irati Iciar aurkezpenean. :: MORQUECHO

Udako Euskal Unibertsitateak 40 urte bete ditu, lau hamarkada hezkuntza eskaintza zabala eta kalitatezkoa ematen. Hori ospatzeko 40 ikastaro antolatu dira uda honetan eta horietako erdia baino gehiago Eibarren eskainiko dira. Markeskua jauregian 20 kurtso emango dira ekainaren 26tik aurrera eta beste bik, on-line izanda, bere saio presentzialak bertan izango dituzte. Programa osoa atzo aurkeztu zuten Eibarren, eta bertakoek aitzakirik ez dutela azaldu zuten. Udalaren diru-laguntzari esker, eibartarrek doan izango dute matrikula.

UEUk Baiona eta Iruñean ere antolatu ditu ikastaroak, baina gehienak Eibarren burutuko dira. Gertutasun horrek bere garrantzia izan du azken ediziotan. Joan den urtean, ikaslegoaren %38,4 Debarrotik etorri zen eta %26 Urolaldetik. Eibarren eskainiko diren ikastaroak bi astetan banatuko dira aurten, batzuk ekainaren 26tik 29ra, eta besteak uztailaren 9tik 13ra. Azken urteotan gertatu den bezala, gai esparru zabala dago aukeran, bai ikastaro espezializatuak, baita ezagupen orokorrak jorratzen dituztenak ere. Zerrenda osoa, ordutegiak, irakasleak eta abar Markeskua jauregian edo www.ueu.org webgunean daude ikusgai.

Eibarren 7. urtez eskainiko dira UEUren udako ikastaroak. Aurten, egoera ekonomiak eragin zuzena eduki du programazioan eta ikastaro asko auzolanean antolatu dira, beste elkarte eta erakundeekin kolaborazioa lortuz. Dena, hezkun-tzaren kalitatea mantentzeko egin dute. «Eusko Jaurlaritzak partida izenduna kendu izanak kinka larrian jarri du UEU, eta horrek beste hainbat ate jotzera eraman gaitu. Eta ate horien atzean jasotzen ari garen babesa eskertzekoa da benetan», azaldu zuen Karmele Artetxe UEUko zuzendariak. Berarekin batera Irati Iciar udako ikastaroetako arduraduna eta Esther Kareaga Euskara-Kultura zinegotzia aritu ziren. «Oso erosoa da eibartarrontzat ikastaroak hemen izatea, eta era batean oso eskain-tza interesgarria da». Eskualdeko beste herri batzuetan diru-laguntzak daude baita ere.

Harreman ona eta bonoak

Ikastaroak talde txikietan garatzen dira eta dagoeneko batzuk beteta daude. Literatura unibertsalaren itzulpena, Smartphonetarako aplikazioak edo Bioeraikuntza bezalako gaiek harrera ona izan dute. «Dena den, interesa duenak izena eman dezala. Erreserba zerrenda dago eta jende kopuru handia biltzen bada, ikastaroa errepika-tzeko aukera dago».

Hilabete gogor hauei aurre egiteko, UEUk bono bereziak jarri ditu martxan. 30 euroren truke erosi edo oparitu daitezke, eta bonoak UEUren produktu ezberdinetarako 33 euroko balioa du, ikastaro bateko matrikula, liburuak edo aldizkariak erosteko, besteak beste.

Fotos

Vídeos