Borrar
Xingolez harago

Xingolez harago

Harizpetik ·

Udazken beroa iragarri dute Katalunian, duela urtebeteko jazoeren harira. Berdinketa antzeko blokeo politiko eta sozialak ez du irtenbiderik oraingoz; eta txarrera ere egin lezake, nahiz eta solaskidetzarako aukera berriak zabaldu diren azkenaldion

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Domingo, 9 de septiembre 2018, 23:33

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Xingola horien inguruko auzia Kataluniako sakoneko arazo politikoaren ondorio da eta, aldi berean, azken hau baldintzatzen du. Preso dauden buruzagi politikoen askatasun ezak herrialdearena islatzen duela diote independentziaren aldeko askok, baina ukaezina da jokaleku nagusia lekuz aldatzen duela; helburu dutena barik horren alde saiatzearen eraginezkoak lehenestera behartzen duela. Eta honelakoek garrantzi handia izaten dute, auzibidea kartzelan daudenen mesedetan nolabait bideratzeak prozesu politikoa bera moldatzea eta birregokitzea ekar dezakeen neurrian. Kataluniako lehiak aspaldi utzi zion politikoa bakarrik izateari, eta arlo judizialean ere erabakiko da. Alde horretatik, kezkagarria da zenbaterainokoa den bien arteko gehiegizko nahasketa, lehenengoaren kutsadurak zenbat aldiz zipriztintzen duen bigarrena, zenbatetan ematen duen politikaren bultzada dagoela hainbat erabaki judizialen atzean.

Azken berriak kezkatzekoak dira. Buruzagi independentisten aurkako akusazio publikoa euren esku izango duten fiskalek 'indarkeriazko matxinada' leporatuko diete horiei, oso zalantzan jartzekoa den aurretiazko erabakiari eutsita. Ondorioz, 15etik 25 urtera arteko kartzela zigorrei egin beharko diete aurre aulkian jezarriko direnek. Iazko irailaren 6an galdeketarako deia egin eta biharamunean Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi ostekoak izango dira epaituko direnak. Urriaren 1a da guztiaren ardatza, horrek eraman baitzuen hil horren 27ko independentzia aldarrikapenera. Baina nekez sar daiteke tarte horretan gertatutakoa fiskaltzaren kalifikazioan, argudio politiko soil direnetatik abiatuta ez bada.

Preso daudenen eta erbestekoen egoera da xingola horien jatorria. Sarri erabili izan dira antzeko sinboloak, kolore ezberdinez jantzitakoak, hainbat arazo, gatazka edo gabeziaren aurreko elkartasuna adierazteko. Euskal Herrian ez zaizkigu batere arrotz, ezta horien inguruko tentsio politikoa ere. Xingola urdina 1993an sortu zen Bakearen Aldeko Koordinakundeak eta beste zenbait talde bakezalek bultzatuta, hasiera batean Julio Iglesias Zamoraren bahiketa salatzeko. Aurkeztu zutenean nabarmendu zenez, 'Askatu'ren A itxurako ikur hura herritar guztiei eskaintzen zitzaien, oinarrizko giza-eskubideen ETAren urraketen aurka modu bateratutan agertzeko. Zoritxarrez, luzaroan erabili behar izan zen, José María Aldaia, José Antonio Ortega Lara, Cosme Delclaux eta Miguel Ángel Blancoren ondorengo bahiketetan adibidez.

Ezker abertzaleak amorru betez hartu zuen indarkeriaren aurkako urrats sinboliko hura; nahi zutenek, Euskal Herriko erakundeen babes zabal eta zeharkakoarekin, paparrean xingola urdina eramatekoa, ETAren aurkako ikusgaitasuna iraunkortzekoa. Zeramatenek konpromiso sendoz ekin zioten ezinbestean, irainak eta erasoak jasaterainoko jazarpenarekin erantzun baitzieten Herri Batasunaren ingurukoek, oso oinarrizko askatasunak urratuta. Gaur egun xingola horiarekiko eta, batez ere, horren erabilerarekiko duten jarreran badago kontraesan nahikorik, bakoitzaren sinbolismoaren oso gaindikorik.

Kataluniako eztabaida eremu publikoari buruzkoa da, batik bat. Xingolak hor jartzeari buruzkoa. Nahiz eta argi dagoen Ciudadanos gatazkatik elikatzen dela, xaxatzetik, nazionalismoak kontrajartzetik; eta konponbidean baino independentziaren aldekoak amore emate hutsean nahi dituela. Horregatik dira hain beharrezko jokabide eraikitzaileak eta zentzuzko ahotsak, tentsioa elikatzen barik zeharkako konpromisoen bila dihardutenak. Eta alde horretatik, biziki interesgarriak dira Oriol Junqueras Generalitateko lehendakariorde ohi eta ERCko buru presoaren azkenaldiko adierazpenak, bere helburuetan atzera jo gabe nolabaiteko posibilismoaren gero eta aldekoagoak.

Distentsioa egunero lantzen da, keinuekin, elkarrizketa benetan baliatzearekin. Hala, Katalunian iazko udazkenean jazotakoa estatu kolpetzat sutsu irudikatu dutenek, ispilu aurrean jarri behar lukete. Gehiegikeria tresna politikotzat hartze horrek euren kontraesan sakonenetakoak agerian jartzen dituelako: bozkatu gura izate hutsari eta ondorengo adierazpen instituzional balio praktikorik gabekoari hori irizten dioten bitartean, legezko gobernu baten aurkako matxinada odoltsuaren, osteko gerra zibil ikaragarriaren eta lau hamarkadako jazarpenaren bultzatzaile nagusiaren gorpua ohorezko hilobian dagoelako oraindik, horren ingurukoek hainbat hiri eta herritako kale izendegiak osatzen dituztelako eta horiei aurre egin zieten ehunka milaka lagun hobi komunetan desagertuta daudelako.

Independentziaren aldekoek ere badute zertaz hausnartu, populazioaren %47 inguruko babesarekin ez dagoelako Estatu berririk eraikitzerik. Eta ez da iritzi hutsa, gogo bat praktikara eramateko jada frogatutako ezintasuna adieraztea baizik. Erabaki eskubidearen aldekoa behar luke lehenengo borroka politikoak, horrek baduelako gehiengo zabal baten babesa Katalunian. Hortik aurrera, adostasun ahalik eta zabalenak behar dira atzeraezinezko urratsak egiteko, nazioarteko komunitateak aintzat hartua izateko. Iaz egon zen gauzak beste modu batera egiterik, bete ezinezkoetatik urrundu eta lokarri anitzagoak bilatzerik.

Baina atzera jotzerik ez dagoenez, egungotik heldu behar zaio etorkizunari. Bake bideetatik beti aritutako politikoek kalean behar lukete, elkarrizketa dinamizatzeko, topaguneen katalizatzaile izateko, tentsioa jaitsarazteko. Xingola horien inguruko polemikak eta ezinikusiak desaktibatzeko. Aldi berean, Espainiako Gobernuak kataluniar asko eta askoren gurariei erantzun behar lieke, lurralde egitura eguneratzeko eta nazio izaerako erkidegoen asmoak malgutasunez bideratzeko. Arazoa ez da ukaziotik konponduko. Horrek bizitu baino ez du egingo. Horregatik dira hain arduragabeak PP eta Ciudadanosen jarrerak, defendatzen ei duten Espainiaren batasun ereduak kataluniarren erdia kanpoan utzi eta hango gatazka gizentzen duelako.

Elkarrizketara deitzea ezohikoa denean, ia bitxi bihurtzen denean, oinarrizko zerbait huts egiten ari da gizarte batean. Katalunian badago elkar ulertzeko tarterik, egungo autogobernutik haragoko adostasuna bilatzerik, orain arteko aitortza nazionala zabaldu eta herritar guztiak aintzat hartzerik. Horretan ahalegintzea dagokie buruzagi politiko guztiei, bakoitzaren asmoetatik barik errealitatetik abiatuta.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios