Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

San Inazio egunak badu halako kutsu berezi bat Bizkaian, sustrai luzekoei baino ez dagokiena. Fededunek arnasa sakon hartuta bizi izaten dute, emozioz; eta fedegabeek, aldiz, norbere nortasuna osatu duten aspaldiko ohiturei zor zaien begirunearekin. Aspaldi zabaldu zen guzti hori maila politikora ere, duela 122 urte EAJ halako egunez sortu zenean. Oso bertoko jai eguna da, bereziki kutuna, joerez gaindi gorde beharrekoa. Eta zaindariaren ereserkiak berak bestelako zirrara eragiten du, dioenaz apartekoa.

Gipuzkoan jaiotakoa izan arren, San Inazio oso Bizkaikoa da aldi berean. Jesusen Lagundiko Bilboko Ikastetxeko zuzendari Henao apaiz jaunak XVII. mendean aztertutakoaren ondotik aski jakina da Inaziok ama bizkaitarra zuela, ondarrutarra, Likonatarren Etxekoa. Antzinakoa omen zen honakoa, Jaurerriko zaharrenetakoa, Ondarroa eta Lekeitio sortu aurrekoa. Datu horiei tiraka egin zen Bizkaiko zaindari izendatzeko lehen eskaera, Gernikako Batzar Etxean 1680ko azaroaren 1ean. Eta ia eztabaidarik gabe jo zen ontzat, aho batez, geroztik ‘Zaindari Babesle eta Jaurerriko abokatu espiritual’ izan zedin. Handik bi urtera, jai egun ezarri zuten berori hil zenekoa, uztailaren 31, Inozentzio XI. Aita Santuak hala berretsita.

Hain atzera jo behar horrek ondo azaltzen du Bizkaiak San Inaziorekin duen bat egitearen sakontasuna. Ez da soilik jai erlijiosoa, gizaldien joan-etorriarekin herritarren arteko lokarri ere bihurtu delako, bizkaitartasunaren agerraldi antzekoa. Horri esker egin dio aurre arrakastaz gizartearen sekularizazio prozesu gero eta nabarmenagoari; eliza girotik haragoko zentzua baduelako, nortasuna adieraztekoa, lurraldearekiko atxikimenduzkoa. Jatorrizkoaren nolabaiteko abstrakziorainokoa, hain zuzen. Edozein herritar zipriztintzekoa.

Bizkaia garrantzizko lurraldea izan da historian zehar. Bere tamainaz gaindi asko emandakoa. Barrura baino batik bat kanpora begiratzen jakin duena, eta berea eskuzabal uztartutakoa, hurbilenekoan zein mundu zabalean. Halaxe jokatzen du Euskal Herriari begira ere, eraiki guran, inoren gainetik jartzeko asmorik gabe. San Inazio eguna guzti horretaz hausnartzeko aproposa da, norbere burua hobeto ezagutu eta etorkizunera indartsu proiektatzekoa.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios