Lan-pobrezia uste baino ohikoagoa da
Euskadiko haur eta nerabeen %24 lan-pobreziako egoeran bizi dira. Lanaldi partzialak edo etenak direla eta, nahi den denbora guztia lan egiteko ezintasuna da arrazoi nagusia
Leire Larrazabal
Sábado, 7 de junio 2025, 19:55
Save the Childrenek Euskadiko etxeetako lan-pobreziaren erradiagrofia egin du eta emaitza nahiko kezkagarriak plazaratzen ditu. Horrela, azterketaren ondorio nabarmenetako bat da Euskadin enplegu bat izateak ez duela bermatzen bizitzeko oinarrizkoa dena lortu ahal izatea. Azterlanaren arabera, EAEn enplegua duten familien %13 pobrezia-egoeran bizi dira edo, erakundearen txostenak adierazten duen bezala, lan-pobreziako egoeran bizi dira. Horrek esan nahi du, enplegua izan arren, beren diru-sarrerek ez dietela uzten beren oinarrizko beharrak behar bezala betetzen.
Fenomeno horrek agerian uzten du gaur egungo lan-merkatuaren paradoxa handietako bat: enpleguak, tradizioz pobreziatik ateratzeko bide nagusitzat hartuta, ez ditu berez bermatzen gutxieneko bizi-baldintza onargarriak. Lan-pobrezia ez da soilik estatistika bat: sistema baten emaitza da, non, pertsona askok bizitza duina lortzeko behar duten guztia betetzen duten arren, ez duten lortzen hura eskuratzea.
Baina, are gehiago, pobrezia-arriskua nabarmen handitzen da haurrak dituzten etxekoen unitateetan. Horietan, pobrezia-egoeran sartzeko aukera %15,9 handitzen dira, nahiz eta etxeko pertsonek lana izan. Guraso bakarreko familia bat bizi den etxekoen unitateetan, pobrezia-tasa %40ra arte okertzen da. Bi heldu dituzten adingabeak dituzten etxekoen unitateetan nabarmen hazten da ardurapeko seme-alabak gehitzen direnean: %7,1 seme-alaba bat dagoenean, %11,2 bi seme-alabarekin eta %12,1 hiru seme-alaba edo gehiago daudenean.
Euskadin, laneko pobreziaren kausa nagusia laneko partzialtasuna da. Lanbide arteko Gutxieneko Soldata hainbat aldiz igo den arren, soldata baxuak ez dira hipotesi nagusitzat hartzen arazo horren jatorrian; izan ere, lanaldi osoko kontratua duten eta urtearen zatirik handienean lan egiten duten langileentzat pobreziaren atalasea gainditzea ahalbidetu da, teorikoki behintzat. Horregatik, enpleguaren partzialtasuna eta etena nabarmetzen dira faktore nagusitzat. Hala, emakumeek gizonek baino ordu gutxiago lan egiten dute, eta kontratu partzial gehiago dituzte zainketekin uztartu ahal izateko.
Gainera, lan-intentsitatea txikia denean, hau da, ordu gutxiago lan egiten denean edo partzialki edo aldizka bakarrik egiten denean, enplegutik eratorritako diru-sarrerak ez dira nahikoak izaten familiaren oinarrizko beharrak betetzeko. Egoera hori bereziki ohikoa da nahi gabeko lanaldi partzialeko enpleguetan, aldi baterako edo iraupen laburreko kontratuekin. Horrela, formalki landunak egon arren, sortutako diru-sarrerak baxuegiak dira pobreziaren atalasea gainditzeko.
Are gehiago, emakumeek ere gizonek baino partzialtasun handiagoa dute. Zifrak jarriko ditugu mahai gainean. 46.100 gizonek dute lanaldi partzialeko enplegua, eta 123.000 emakumek baino gehiagok. Lanaldi osoko lanik ez aurkitzeagatik edo, kasu batzuetan, seme-alaben zaintza-lanak bere gain hartu behar izateagatik edo genero-arrakala handitzeagatik, kontratu partziala duten emakumeen ia erdiak. Nazionalitatea ere Euskadiko lan-pobreziaren faktore erabakigarria da: lan-pobreziako egoeran dauden pertsonen %16,3 atzerritarrak eta emakumeak dira, eta %15,5 gizon atzerritarrak.
Diru-sarrera egokiak bermatzea
Eta zer egin datu hauen aurrean? Bada, Save the Childrenek funtsezko hainbat gomendio proposatzen ditu haurren pobrezia murrizteko eta haurren ongizatea hobetzeko politika publikoen esparruan. Horrela, lehenik eta behin, diru-sarrera egokiak bermatzea, hazkuntzarako prestazio unibertsala 18 urtera arte zabalduz, Haurrentzako Laguntza Osagarria hobetuz eta kreditu fiskal itzulgarriak sartuz.
Ondoren, laguntza eta zerbitzuetarako sarbidea erraztea, lehiatila bakarra sortuz, errenta-aitorpena unibertsalizatuz eta Euskadiko Haur Bermearen Estrategia aplikatuz. Eta, azkenik, lan-baldintzak eta uztartze-baldintzak hobetzea, haurtzaroaren ikuspegia enplegurako pizgarrietan txertatuz eta familia eta lana bateratzen laguntzeko neurriak garatuz.
Save the Children erakunde independente liderra da haurren eskubideen defentsan mundu osoan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, 100 urte baino gehiago daramatza lanean, haur guztiek bizirik irauten dutela, ikasten dutela eta babestuta daudela ziurtatzeko. Gaur egun, erakundeak 113 herrialdetan baino gehiagotan jarduten du, eta Euskadin duela 20 urtetik dago presente, eragin politiko eta sozial handiko jarduera bat eginez, eta Bizkaian eta Araban pobreziako edo gizarte-bazterketarako arriskuan dauden 500 haur baino gehiagori hezkuntza-laguntza eta aisialdiko eta denbora libreko jarduerak emanez.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.