«Sasoi arraro hauetan, haikuak pilula modukoak dira, sakonera handiko irlak»
Peru Magdalena. Poeta. 'Tantaka' aurkeztu du, ehun haikuz osatutako obra txikia eta bakana
Iraitz Urkulo
Viernes, 15 de enero 2021, 21:15
Peru Magdalenak (Berriz, 1980) artefaktu eder batekin harritu gaitu oraingoan. 'Tantaka' du izena, eta Balea Zuria argitaletxearen formatu txikiko testuetarako Urrezko saila abiatu du. Lanak ehun haiku dakar-tza, bi ataletan banatuta: erdiak horizontalean idatzita daude, eta beste erdiak bertikalean, ekialdeko erara. Unibertso osoa poesia-tantatxotan adierazia. Horrez gain, badu berezitasun bat: obra iragankorra izateko pentsatuta dago, poetak berak orriak erauzteko eta, hortaz, bere sorkuntza desegiten joateko gonbita egiten baitie irakurleei.
Publicidad
- Zer motatako artefaktua da 'Tantaka'? Argi dago ez dela argitalpen arrunta.
- Artefaktu, kutixi, opari, 'delicatessen' edo burbuila txiki bat izateko asmoz gorpuztu da liburua. Urteak igaro eta haiku liburua sendotu ahala, argi neukan gailu txiki eta eramangarri bat izan behar zela. Mikel Serna handiarekin egin nuen topo ondoren, eta bera izan da kontzeptua eta diseinua garatu dituena, oraingo liburura heldu arte.
- Obra berezia da azaletik bertatik.
- Bai, hirurehun aleko edizioa egin dugu, eta azal guzti-guztiak dira ezberdinak. 'Tantaka' du izena liburuak. Batetik, hiru silaba horiek, tan-ta-ka, haikuen hiru lerroak dira, zeinak 'tanka' txinatarretatik datozen. Eta, bestetik, haiku bakoitza tanta bat da, tanta ezberdin eta bakan bat. Irakurle bakoi-tza ere ezberdina eta bakana da, horregatik nahi izan genuen liburu bakoitza eskuz egin eta zenbakitu, bakantasun hori izan zezan.
- Zer dira haikuak? Aurkezpen-egunean esan zenuen «haikuek poesia gainditzen» dutela.
- Hiru lerroko konposizio poetikoak dira, hamazazpi silabakoak. Baina poesiaren edukiontzia gainditzen dutela esango nuke. Kontenplazioa ere badirelako. Hausnarketa ere pizten dute. Une bat margotzen dute norbere gogoan, pinturak bezala. Edo une bakar bat izoztu eta betikotu, argazkigintzak legez. Bide askotatik gozatu eta geureganatu dezakegu haiku bat.
- Haikuak ez dira neurri txikiko poema soilak, filosofia jakin bat dute oinarrian.
- Monje budistekin iritsi zen idazketa Japoniara, baita 'tanka' izeneko poesia moldea ere. Horietatik garatu eta destilatu ziren haikuak gerora, Bashok-eta eman zioten dimentsio espiritualean. Badu, beraz, zen budismotik eta tao-aren kontzeptutik, jatorrian. Dena dela, inongo filosofia jakinik barik ere funtzionatzen dute. Hurbilketa zintzoki biluzi bat egiten badiogu, haikuak asko ematen digu. Geuk ematen diogun beste itzultzen digula esango nuke.
Publicidad
- Haikuen laburtasunak hitzak oso ondo aukeratzera behartuko zintuen, ezta?
- Bai, izugarrizko finketa eta destilazio lana eskatzen du. Intuizio garden bat hasieran, eta ondorengo lanketa handia. Musikalki eta kontzeptualki funtzionatu behar dute. Iradoki egin behar dute, baina mezu itxirik gabe. Eta, gainera, xume eta ulerterrazak izan behar dute, hizkuntza aldetik kriptikoak izan barik.
- Unibertso oso bat islatzen dute hitz gutxitan.
- Ate bat dira, leiho bat. Ezin konta ahala bide posible zabaltzen dituzte bertan sartuz gero. Ni ibilia nago, sarri, haiku bat gogoan iltzatuta arratsalde oso bat. Badira zenbait nigan daramatzadanak, argitasun eta indar emaile gisa. Beste batzuk enigma huts zaizkit, eta gustatu egiten zait lanbro hori. Gainera, egin kontu haiku batera bueltatzen zaren oro haiku hori ezberdina dela, Heraklitok esan bezala errekako ura eta gu geu aldatzen garen moduan.
Publicidad
- Nondik datorkizu Ekialdeko kulturarekiko lilura?
- Gazte-gaztetatik erakarri naute Japoniak eta ekialdeko kulturek. Sen hutsak hurbildu nau beraien garbitasunera, naturarekin bat egitera, gogoaren baitarako itzulerara. Nire espiritualtasun eta transzendentzia gogoak han topatu izan ditu sarri hemengo erlijio elizkoiek gatibatutako haizeak. Eta hurbilketa orokor horretan leku berezi batean izan ditut haikuak, betidanik.
«Nire espiritualtasun eta transzendentzia gogoak ekialdeko kulturetan topatu izan ditu sarri hemengo erlijio elizkoiek gatibatutako haizeak»
Txikitasunean handia
- Hiru lerroko ehun haikuk osa-tzen dute 'Tantaka', bi ataletan banatuta. Lehen atalaren hasieran zirkulu bat ageri da. Zer esan nahi du irudi horrek?
Publicidad
- Lehen atalaren izena da zirkulu hori. Atal biak banatu nituenean, bakoitzari zer izen jarri pentsa-tzen aritu nintzen luzaroan. Jartzen nion izen bakoitzak traba egiten zuela iruditzen zitzaidan, gehiegi esan eta irakurketa baldintzatuko balu bezala. Hortik otu zitzaidan irudi batekin izendatzea. Eta, gainera, naturaren baitara proiektatu nahi gaitu zirkulu horrek.
- Bigarren atalaren hasieran, aldiz, hiruki bat dago. Zein da haren esanahia?
- Hirukia giza eraikuntza bat da, nahiz eta gizakia bera ere natura izan. Harekin adierazi nahi da bigarren atalean gizakiaren arrastoren bat ere topa genezakeela. Dena dela, ez nuke kontu honetan larregi sakontzerik gura, irakurle bakoitzari bere bidea garbiago egiten uzteko.
Publicidad
- Lehen ataleko haikuak ohiko erara idatzita daude; bigarrenekoak, ordea, bertikalean irakurri behar dira, Japoniako idazkeraren modura.
- Keinu bat da, bai. Eta, gainera, bi atalak elkar ezberdintze aldera, fisikoki irakurketa baldintzatzeko bide bat ere bai. Liburuari beste era batean heldu eta eustera behartzen zaitu. Serna jaunaren asmazio berezietako bat.
- Nolakoa izan da 'Tantaka' idazteko prozesua? Zenbat denbora iraun du?
- Luzea eta gozagarria izan da prozesua. Bost urtetik gora eman ditut, lasai eta presarik barik, liburuarekin erlazio bitxian: gozamenean, obsesioan, ahanzturan eta itzuleran… Ia hirurehun haiku izatera heldu ziren, pentsa!
Noticia Patrocinada
- Liburuxkak 10 cm luze eta 6,5 cm zabal ditu soilik. Zergatik aukeratu zenuen formatu txiki hori?
- Eramangarria izan zedin. Poltsikoan edo eskuan eramateko modukoa nahi nuen. Gainera, irudi-tzen zait bizi garen sasoi arraro hauetan haikuak pilula baten modukoak izan daitezkeela, sakonera handiko irlak eskainiz edonon zaudelarik ere.
- 'Tantaka' desegiteko pentsatuta dagoen lana da; izan ere, hari orriak erauztera animatzen dituzu irakurleak.
- Bai, horretarako diseinatuta dago liburua. Orri bat erauzi eta soinean eramateko. Berriz gozatu edo sakonago hausnartzeko autobusean, norbaiti oparitzeko, hozkailuko atean jartzeko edo zaborretara botatzeko gustatu ez bazaizu. Jolaserako gonbidapen bat ere bada 'Tantaka'.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión