Oporrak hobetzeko liburuak

Narratiba

Narratiba

JAVIER ROJO

Ama eta hiltzailea

Amek ez dute

Egilea: Katixa Agirre. Argitaletxea: Elkar. Donostia - 2018. 216 orr. 20 euro

Katixa Agirreren nobela honen argumentua gertakari latz batekin hasten da: emakume batek bere seme-alaba txikiak ito ditu. Narratzaile protagonista, emakume hura aspaldian ezagutu duela konturatuta, gertakariaren atzean zer dagoen aztertzen hasi da. Narratzailea idazlea da, eta ama. Eta bi ezaugarri horiek markatzen duten ikuspuntutik aspaldiko ezagun horrek egin duen ekintza azaltzen du. Katixa Agirreren nobela literatura beltzaren edota thrillerraren zidorretatik mugitzen da; izan ere, protagonista idazlea den aldetik, ikertzailea ere bada, eta hurrengo libururako materiala bilatzen duelarik, ikertzaile klasikoaren kontra-irudia osatzen zaigu pertsonaia honengan. Idazleak nobela honekin erakutsi du irakurlea engantxatu dezakeen intrigazko argumentu bat garatzen dakiela, interesa eta jakin-mina hasieratik amaieraraino mantenduz, thrillerraren topikoak kolokan jartzen direlarik.

Usteldura herri txikian

Ez erran deus

Egilea: Jon Arretxe. Argitaletxea: Erein. Donostia - 2018. 176 orr. 16 euro

Nobela honetan Jon Arretxek Toure burkinafasoarraren abenturen beste entrega bat eskaintzen digu. Honetan, pertsonaiak Bilboko kaleak utzi eta Nafarroako mendialdeko herri txiki batean jarri du bere egonlekua. Protagonista honi eskainitako nobeletan zehar haren izaera garatuz joan da. Edonola ere, oinarrizko ezaugarriak mantentzen ditu: Legez kanpoko etorkina da, eta Afrikatik Europa ustez aberatsera egin du bidaia, lehenengo momentuan helmuga Bilboko San Frantzisko auzoa izan delarik; pertsonaiak bizirautea du helburu, eta horretarako edozein lan hartzen du, besteak beste ikerketa txikiak, horrek arazo gero eta handiagoetan sartzera eramaten duen arren. Honetan Tourek, arazoetatik ihesi, artzain baten morroi amaitu du Nafarroako herri txiki batean. Baina patuari itzuri egitea ezinezkoa delarik, hemen ere eskema berbera errepikatzen da, nahi gabe ere beste ikerketa batean korapilatuko baita.

Kantaria eta bere isla

Fakirraren ahotsa

Egilea: Harkaitz Cano. Argitaletxea: Susa. Zarautz - 2018. 352 orr. 22 euro

Nobela honetan Harkaitz Canok Imanol Lurgain fikziozko kantariaren bizitza kontatzen du. Fikzioak errealitatean ditu oinarriak, protagonista hau beste Imanol baten literatur ifrentzua baita, benetako kantariaren literatur isla, nolabait esateko. Fikziozko Imanol hau, 'Fakirra' ezizenez, pertsonaia kontraesankor moduan agertzen zaigu, batzuetan maitagarria, besteetan bere egoaren menpean dagoen artista jasangaitza, txaloak behar dituen ume handia izango balitz bezala. Baina idazleak pertsonaiaren bizitza kontatzeaz gain, beste gauza bat egiten du idazlanean: pertsonaiaren testuingurua ere kontagaia du. Argumentua XX. mendearen azken hamarkadetan eta XXI.aren hasierako urteetan zehar hedatzen delarik, nobelak geure buruaren (alegia, euskaldunon) ispilua ere eskaintzen du, non autoreak alderdi ilunak ez dituen ezkutatzen. Giza kondizioan arakatzen duen nobela bikainaren adibidea da liburu hau.

Psikopataren bila Parisen

Larrutik ordaindua

Egilea: Joseba Lozano. Argitaletxea: Alberdania. 300 orr. 19,03 euro

Thrillerraren bideak urra-tzen ditu Joseba Lozanoren nobela honek eta xendra horietatik abiatzen denez, harridura eta sorpresa ezinbesteko osagaiak dira argumentuan. Alor honetan originala izatea zaila den arren, idazleak ahalegina egin du zerbait desberdina egiteko eta horretarako argumentu hau testuinguru historiko berezi batean kokatu du, gertakariak Pariseko Komunan kokatu baititu, 1871ko udaberrian eta Parisen, alegia. Esan behar da idazleak dokumentazio historikoaren aldetik lan handia egin duela. Eta datu historikoekin batera eguneroko bizitzari dagozkion zertzeladak ere badaudenez, errealismoa irudikatu nahi izan da. Testuinguru historiko horretan psikopata batek eginda diruditen hilketa batzuk gertatu dira eta Komunako nagusiek hiru pertsonaiari enkargatu diete ikerketa. Gerra hotsen artean, oztopoz betetako inguru batean pertsonaiek aurre egin beharko diote ikerketari.