Borrar
Donostia. Nautiko Elkartea Aizpurua eta Labayenen lana da.
Bauhaus-aren oihartzunak Euskal Herrian
100 urte

Bauhaus-aren oihartzunak Euskal Herrian

Europan zehar garatzen ari zen arrazionalismoak modernitatearen bidean kokatu zuen euskal arkitektura iragan mendeko 30eko hamarkadan, Donostia abiapuntu hartuta

mikel onandia garate

Viernes, 29 de marzo 2019

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Bauhaus-a 1919an jaio zen Wiemar-eko Errepublikarekin, eta harekin batera hil zen 1933an nazismoaren azpian. 14 urte horietan zehar arte kreatiboen eta mundu industrialaren arteko elkartzea helburu izanik, Walter Gropiusen eskutik eman zituen lehen pausuak. Hiru egoitza –Weimar (1919-1925), Dessau (1925-1932) eta Berlin (1932-1933)– eta zuzendaritza ezberdinekin, eskolak sekulako eragina izan zuen arkitektura eta arte plastikoen alorrean, Europan lehenik eta AEBetan gero. XX. mendeko artista eta arkitektu nagusienetako batzuk –Kandinsky, Klee, Moholy-Nagy, Gropius, Mies van der Rohe, Le Corbusier– izan zituen irakasle, eta 1925etik aurrera joera arrazionalista inposatzen da Bauhaus-en, mugimendu berriaren sortze eta hedapen gune nagusiena bilakatzeraino.

Arkitektura berri eta moderno bat zehaztu guran, arrazionalismoak praktikoa eta funtzionala denean jartzen du arreta. Materiale berrien –hormigoi armatua, beira, altzairua– erabilerarekin batera, ornamentazio dekoratiboen ukapena eta forma geometrikoen mintzaira du jomuga, beti ere hirietako biztanleak eta eraikinen erabiltzaileak kontuan harturik. Europan zehar arkitektura funtzional eta iraultzailea gauzatzen ari zen arrazionalismoaren lehen ideiak Euskal Herrira 20ko hamarkada bukaeran ailegatu ziren, eta 30eko hamarkadan ezaugutu zuten goren puntua, Donostiako Gros auzoan, Bilboko Zabalkundean edo Gasteizeko paisaia urbano eta industrialean eragiteraino.

Fernando García Mercadal madrildarraren eskutik heldu zen lehenik arkitektura berria Espainiara, eta haren kide Josep Lluís Sert eta Jose Manuel Aizpuruaren bidez Kataluniara eta Euskal Herrira, hurrenez hurren, beren burua moderno autoproklamatu eta arkitektura berriaren predikazioa egin asmo zuten erakusketa, publikazio eta hitzaldien bidez. XX. mende hasieran, 10eko hamarkadan, Bilbo izan bazen modernitate artistikoaren zentroa, 20ko bukaeran eta 30eko hasieran Donostiak hartu zuen testigua; II. Errepublikaren testuinguru politiko betean, eklektizismoaren eta lokalismoetan arreta jartzearen ondorio ziren joera erregionalisten aurrean, abangoardiako erreferenteetan jarri zen begirada.

Aipatzekoa da Donostian 1928an Euskal Artisten Erakusketan arkitekturari eskaini atala –Aizpuruaz gain Pablo Zabalo donostiarrak eta Luis Vallejo bilbotarrek planuak, proiektuak, dekorazio modernoko fotomuntatzeak aurkeztu zituzten–, baina estatu mailan arrazionalismoaren garapenerako funtsezkoa batez ere 1930eko Arkitektura eta Pintura Modernoko Erakusketa izan zen. Azken joera zinematografiko, poetiko eta piktorikoekin batera arkitektura berriaren ideiak eta erronkak gizartera hurbiltzeko nahiak bildu ziren mostra hura GATEPAC –Grupo de Artistas y Técnicos Españoles para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea– taldearen enbrioia izan zen.

Kikunbera etxea Bermeon.1930ean Fernando Arzadun Ibarraran arkitektoak eraikia.
Kikunbera etxea Bermeon.1930ean Fernando Arzadun Ibarraran arkitektoak eraikia.

Studio lantokia

José Manuel Aizpurua –GATEPAC taldeko iparraldeko sekzioko arduraduna izango zena– eta bere kolaboratzaile Joaquin Labayen izan ziren arrazionalismoaren ordezkari nagusienak gurean. 1928an Studio lantokia –eskaparate baten bidez gizartera irekia– inauguratu zuten, baina lanik ezagunena urtebete beranduago inauguratu Donostiako Club Nautico-rako egoitza berria izan zen. Errotonda semizirkularrez errematatutako prisma angelu zuzeneko bolumenak eta lerro zuzen eta makurrak konbinatzen dituen eraikin depuratua dugu, motibo ezberdinekin itsasontzi itxura hartu eta pasealekura bikainki egokitzen dena, segituan Espainiako arrazionalismoko erreferentean bilakatua.

Era berean, García Mercadalen gestioei esker, arkitektura berriaren punta-puntako ordezkariak hurbildu ziren Euskal Herrira. 1930ean, Madrileko Ikasleen Erresidentziatik pasa ostean, Bilboko Carlton Hotelean eta Gipuzkoako Ateneoan eman hitzaldietan Gropiusek arkitekturaren arazo konplexuenei adierazkortasun minimoarekin erantzuten zion arkitektura defendatu zuen. Urte berean, Le Corbusier ere Donostian egon zen, hain justu Aizpuruarekin, Club Náutico eraikina ikusten. Bisita horiek arkitekturaren azken joeren ideientzako azken inpultsua izan ziren. Hala, hurrengo urteetan arrazionalismoarekin bat egin zuten hainbat euskal arkitektuk, horien artean Pedro Ispizua, Juan Carlos Guerra, Calixto Emiliano Amann, Fernando Arzadun, Luis Vallet, Eduardo Lagarde, Juan de Madariaga, Tomas Bilbao edo José Luis López Uraldek. Adibide esanguratsu gutxi batzuk baino ez aipatzearen, Bermeoko portu gaineko magalean kokatzen den Kikunbera etxea, La Equitativa Donostian, edota beranduagoko Bilboko Begoñako igogailua eta Tigrearen eraikina edo Gasteizeko Goya gasolindegia azpimarratu daitezke.

Aizpurua eta bere kolaboratzaile Labayen izan ziren arrazionalismoaren ordezkari nagusiak gurean

Esperimentazio estetikoa

Egiaz, baina, arrazionalismo ortodoxoak apenas izan zuen garapenik gurean; aitzitik, bertako arkitektuek, depurazio formala bere gain hartu bazuten ere, arrazionalismoaren irakurketa epidermikoa egotzi izan zaio euskal arrazionalismoari, batez ere fatxaden osaerari dagokionean. Izan ere –Espainian oro har eta baita Euskal Herrian– proposamen arkitektonikoetan baino mintzaira berriaren esperimentazio estetikoetan jarri zen arreta. Koloreztatutako axonometrietan oinarritutako errepresentazio moduak aurreko proposamenen aurrean inpaktu bisualeko irudiak ahalbidetzen zituen, arkitekturaren forma eta kolorearekin jolastea ahalbidetuz, gehienetan mugimenduaren jatorrizko ideia teorikoetatik urruti, eta beti ere teknika konstruktiboek, interes ekonomikoek, ordenantzek eta arkitektu eta bezeroen ohitura eta gustuen baldintzapean. Are gehiago, Euskal Herrian arrazionalismoak ez zuen berdintasunezko ideial sozial eta anti-akademikoekin bat egin, eta ezkerreko ideologiekin baino eskuineko ideia politikoekin bat egin zuten arkitektu zenbaitzuek, Aizpuruak falangismoarekin izan harremanek agertu bezala.

Nolanahi ere, modako estetika berri batean altxa zen arrazionalismoa Euskal Herrian, eta urte batzuk lehenago Mercadal eta Aizpuruak ekarri ideia berriak imaginario urbanoan txertatu ziren 30eko eta 40 hamarkadetan. Loraldi hura ezinbestean Gerra Zibiliak eten zuen, abangoardiako mugimendu ororekin gertatu legez, eta ez zen izango gerraostearen ondoren, mugimenduak bigarren berpizte bat ezagutu zuela 50eko hamarkadaren bukaeran, Manuel Ignacio Galíndez, Eugenio Aguinaga, J.L. López de Uralde eta Jesus Guinea arkitektoen eskutik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios