Borrar

Kirola Literaturan

Santiago Roncagliolo idazle perutarrak maisuki uztartu zuen futbola eta literatura ‘Pena máxima’ eleberrian, 78ko Munduko Kopan girotua. Roncagliolok aspalditik aldarrikatu izan du futbola literatur gai gisa.

Aritz Gorrotxategi

Viernes, 3 de junio 2016, 11:47

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Santiago Roncagliolo idazle perutarrak maisuki uztartu zuen futbola eta literatura Pena máxima eleberrian, 78ko Munduko Kopan girotua. Roncagliolok aspalditik aldarrikatu izan du futbola literatur gai gisa. Haren ustez, porrotak garaipenak baino literaturtasun handiagoa dauka, eta askoz ere poetikoagoa da. Hala entzun nion duela gutxi Roncagliolori: «Berlingo harresia erortzearekin batera etorri zen benetako aldaketa. Ordura arte ideia-egitura sendo bat defendatu behar zen. Gerra Hotzaren garaia zen, ideologiena, baina murrua erori ondotik, badirudi ideologien mundu hori apurtzen joan zela, eta jendearen benetako bizitza bihurtu zela pentsamenduaren ardatza. Eta, jakina, futbola bizitza erreal horren zati garrantzitsua da».

Bitxia da futbolaren eta literaturaren arteko harremanaren kontua. Kirol indibidualek bai utzi dute arrastoa letren erresuman. Urrutira gabe, asko dira boxeoari edo atletismoari buruz idatzitako ipuin nahiz nobelak. Esaterako, Jack Londonek ipuin gogoangarriak eskaini zizkion ring-ari. Conan Doylek ere Ring-eko ipuinak ipuin-bilduma idatzi zuen. Korrikalariek ere izan dute beren tartea. Hor ditugu, adibidez, Echenozen Lasterka edo Alan Sillitoeren Iraupeneko korrikalariaren bakardadea.

Egia da AEBetan kirolaren eta literaturaren arteko lotura hasiera-hasieratik izan dela naturala. Kirola amerikar abenturaren eta epikaren osagai bat da, eta idazle askok idatzi izan dute kirolari buruz edo kirolariak izan dira. Hemingway txandala jantzita ibiltzen zen Parisen, eta kirolzale amorratua zen. Don DeLillok beisbolaren mundua islatu zuen Azpimunduan. Norman Mailer Kinshasara bidaiatu zen, 1973an, Ali eta Foremanen arteko borroka ikusteko, eta borrokaren kronika ezaguna idatzi zuen. John Irvingek borroka librea egiten zuen, eta borrokaren mundua Mundua Garpen arabera eleberri ezagunean agertzen da, besteak beste. Nonbait, idazle iparramerikarrek lotsa edo beldur gutxiago dute kirolaz hitz egiteko, beren izaeraren eta kulturaren zati baita. Europa intelektualagoa da, eta gehiago kostatu zaigu europarroi futbola literaturan sartzea eta onartzea.

Hego Amerikan tradizio handiagoa izan dute. Hor ditugu Osvaldo Soriano, Fontanarrosa, Eduardo Galeano edota Eduardo Sacheri. Beste behin ere, Galeanoren El fútbol a sol y sombra zoragarria aipatu behar dut. Azken batean, gero eta ohikoagoa da futbolaren presentzia gure literaturan, nahiz eta oraindik ez dirudien maisulanik utzi duenik, baina bai liburu interesgarriak. Euskaraz ere hor dauzkagu Irigoienen Odolean neraman eta Etxeberria anaien Ez dadila eguzkia sartu, futbola zeharka ukitzen duen Gizona bere bakardadean ahaztu gabe. Ramiro Pinillaren Aquella edad inolvidablek ere futbolaren mundua zuen hizpide.

Bitxiki, kirola eta literatura loturik agertzen dira literaturaren hastapenetan. Iliadaren hogeita hirugarren atalean Homerok Patrokloren omenez egindako kirol-jokoen berri ematen digu: gurdi lasterketak, borroka, lasterketa, pisu-jaurtiketa, arku-jaurtiketa... Pindaroren poemek kirol-jokoen balentriak eta garaipenak goratzen zituzten. Roncagliolok ez bezala, Pindarok garaipenean aurkitzen zuen poetikotasuna. Are gehiago, harentzat atleta zen gizon ideala, bere ezaugarri fisiko eta intelektualengatik nabarmentzen zena. Bakilides poetak ere hainbat poema eskaini zizkien kirol-jokoei. Platon filosofoak jabalina jaurtitzen zuen. Benetako izenez Aristokles omen zen, baina gimnasiako irakasleak Platon bataiatu zuen, bizkar zabalak zituelako.

Hartara, ezin daiteke esan kirola arrotza zaionik literaturari. Beharbada, futbola bai izan zaiola arrotzagoa, eta, batez ere, taldekako kirolak. Ni konbentzitua nago futbolak gero eta gehiago ematen duela nobela beltzerako, batez ere azken urteotan pilatzen ari den ustelkeria eta zikinkeriarekin, interes ekonomikoek sartu duten pozoiarekin, zaleen fanatismo itsuarekin, masak manipulatzeko mekanismoekin... Gure gizartearen isla ezin hobea da, eta hori gutxi balitz, futbolak boterearekin dituen harremanaren sustraiak gero eta ilunagoak dira.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios