Politikoki Hiperzuzenak

ARITZ GORROTXATEGI

Testuak errebisatu eta gaurko argitan aztertzeko orduan, sarritan gauza batek ihes egiten digu: testua idatzi zuen idazlea zein hark ezagutu zuen ingurugiroa desagertu egin direla. Ariketa osasuntsua da testu zaharragoak gaurko argitan aztertzea, baina fanatismorik gabe, mesedez. Bistan da gizartearen baitan zenbait balore aldatu egin direla, eta litekeena da idazlea bizi zen garaian bestelako balore eta sinesmenak izatea. Hortaz, idazleari leporatzea ez duela guk gaur pentsatzen dugun bezala pentsatzen, katuari hiru hanka bilatzearen parekoa da. Eta era berean, abantailarekin jokatzea. Uste izatekoa denez, biharkoek ere epaituko dituzte gure testuetako balio eta iritziak, eta litekeena da gu atzeratutzat edo tradizionalistatzat jotzea.

Flauberten Madame Bovary edota D.H. Lawrenceren Lady Chattelrelyren maitalea auziperatu egin zituzten, immoralitateagatik. Nabokoven Lolitak eskandalua ekarri zuen. Zer esanik ez Miranderen Haur besoetakoak edo Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberriak. Azkeneko biak irakurketa derrigorrezkoak ziren gure batxilergo garaian, eta ordurako aski leunduak zeuden eskandaluaren oihartzunak. Normaltasunez irakurri genituen liburuok, beren balio literarioagatik. Gaur egun, ezinezkoa litzateke hori. Garai puristago eta politikoki hiperzuzenago bat bizi dugu.

Gauza bat da nola nahiko genukeen izatea errealitatea; eta beste bat da, nolakoa den benetan. Esaterako, ia denok nahiago genuke gerrarik, goseterik, bortxaketarik, hilketarik eta abarrik gabeko mundu bat. Baina ez da horrela. Zoritxarrez, gaitz horiek presentzia handia dute gure gizartean. Fikzioaz ari garenean, arau propioak dituen birsortze bati buruz ari gara. Ez gara errealitateaz ari, errealitatetik abiatuta fikziozko errealitate bat sortzen duen genero bati buruz baizik. Esan bezala, literatura gizartearen isla ere bada, eta errealitatea ez da beti nahi genukeena. Errealitate hobeago eta berdinzaleago baten alde egin behar ote dugun eztabaidatzen hasten garenean, Stalinen garaiko sobietar nobela proletarioa datorkit gogora, non protagonistek nekazariak, abertzaleak eta alderdiarekiko leialak behar zuten izan. Nabokoven ustez, garai hartakoari ezin zitzaion literatura deitu. Ziurrenik, literatura ez da doktrina jakin bat edo zenbait balore zabaltzeko tresnarik egokiena, gehienok doktrinak edo balore horiek egokitzat jo arren. Literaturak hezi dezake, jakina; balore batzuk transmititu ditzake, zenbait enpatia eta antipatia... Baina zeharka egingo du hori. Literaturaren benetako balioa gizakia egoera ezberdinetan erakustea da, haren pentsamendu eta sentimenduetan sakontzea. Gauza bat da errealitatea eta beste bat gure desioak eta asmo onak. Literaturak lagundu dezake gizarte berdinzaleago bat lortzen, baina literatura ez da horretara bakarrik mugatu behar. Literaturak fikzio sinesgarriak egin behar ditu, eta pertsonaia eta sentsibilitate mota ezberdinak mahai gainean jarri. Ariketa horretan baliteke zenbait pertsonaia gorrotagarri edo salagarri sortzea, baina ezin gara izan idazlea horien erruz modu inkisitorialean epaitzeko bezain inozoak. Idazleak istorioekin eta pertsonaiekin lan egiten du; mundua ulertzen saiatzen da. Horregatik, pertsonaien ahotan esaldi desatseginak edo salagarriak agertzen direnean, ezin dugu ahaztu fikziozko pertsonaiez ari garela. Sinesgarriak dira, bai ala ez? Horrek emango digu beren balioaren neurria. Idazlea bere kreaturengatik eta haiek esandakoarengatik kondenatzea absurdo bat da, eta Flauberten eta Lawrenceren epaiketen garaira garamatza. Alegia, askatasun-murrizketa batera. Esaterako, Nabokoven Lolita gaurko zuzentasun politikoaren parametroen arabera epaitzea gure pobrezia intelektualaren isla izango litzateke. Garbi dago gehienok ez dugula Humbert Humbert irakaslea bezalakoak izan nahi. Garbi dago inork ez duela Carréreren LAdversaireko Jean-Claude Romand pertsonaia bezalakoa izan nahi, baina garbi dago badirela, izan, horrelakoak. Eta Carréreren edo Nabokoven edo beste hainbaten eleberriek errealitate izugarri horrekin aurrez aurre jartzen gaituzte.